Aroa Gorostiza eta Markel Rodriguez pistako Euskadiko txapeldun geratu dira

Joseba Derteano 2017ko ots. 20a, 16:42

Gorostizak lau modalitateetan onena izanda jantzi du urrezko domina. Rodriguezek bigarren urtez jarraian irabazi du.

Atzo pistako Euskadiko Txapelketak jokatu zituzten Donostiako Anoeta beldromoan kadete eta junior mailetan. Txapeldunetako bi Durangaldekoak dira: Aroa Gorostiza elorriarra nesken junior mailan eta Markel Rodriguez abadiñarra mutilen kadete mailan. Biak Bizkaiko selekzioagaz aritu dira.

Aroa Gorostizak (Elorrio, 1999) bigarren bider irabazi du Euskadiko txapelketa. Orain urte bi kadete mailan gailendu zen. Horregatik, aurten irabazteko faboritoen artean zegoen eta berak ere borroka horretan aritzea espero zuen. Garaipena lortzeko modua izan da harrigarria: lehiatutako lau modalitateak irabazi ditu. “Ez nuen denak irabaztea espero”, onartu du elorriarrak. Pistan bere ibilbideko “momenturik onenean” dagoela dio eta “gogor entrenatzen” diharduela.

Txikitatik errepidea eta pista uztartzen ditu Gorostizak. “Biak gustuko ditut, baina bat aukeratu behar badut, pistagaz geratzen naiz”, adierazi du. Errepidean CAF Transport Engineering taldeagaz dabil. Iazkoa urte konplikatua izan zen kadeteetatik juniorretarako saltoa eman eta nagusiekin batera aritu behar izan zuelako. “Aldaketa handia da eta egokitzeko denbora eskatzen du”. Aurten “esperientzia berri bat” probatzeko aukera izango du. Martxoaren 25ean bera eta taldekideak Belgikara joango dira Europa mailako lasterketa bat lehiatzera.

Markel Rodriguez, kadete mailako onena

Markel Rodriguezek (Abadiño, 2001) bigarren urtez jarraian irabazi du Euskadiko txapelketa. Kadeteetako lehenengo zein bigarren urteko txapelak berarentzat izan dira.

Azken probara bigarren tokian heldu zen, liderra baino puntu bi gutxiagorekin. Ikuskizun polita eskaini zuten. Batak zein besteak taldeari itzuli bana irabazita heldu ziren azken txanpara. Orduan, abadiñarrak berriro erasoa jo, ihes egin eta beste itzuli bat atera zuen urrezko domina eskuratuz.

Iaz lehen urteko Euskal Herria txapelketa irabazi zuen. Aurten bigarren urtekoa irabaztea du helburu, besteak beste.

Espainiako Kopan ere aurre-aurrean

Durangaldeko bi txirrindulari gazteak pistako Espainiako Kopan ere aurre-aurrean dabiltza. Kopa amaitzeko Tafalla eta Donostiako proben faltan, Gorostiza hirugarren dago eta Rodriguez bigarren.

 Gorostiza eta Rodriguez podiumetan:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!