“Gazte mugimenduaren parte aktibo izan gura dugu, eta alternatiba zehatzak planteatu”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 20a, 20:30
Ane Amantegi (Durango, 1994), Aitor Del Hierro (Zaldibar, 1997) eta Maialen Arteaga (Zornotza, 1998)

‘Inurritegia, eguneroko borrokan eraikia’ lelopean II. Kongresua abiatu du Ernai antolakundeak. Apirilaren hasieran ekitaldi nazional bategaz amaituko dute urrian abiatu zuten Inurritegia prozesua. Urritik hona batutako ekarpenekin osatutako ‘Zirtaka’ ponentzia dute orain eztabaidagai. Durangaldeko 100 bat gazte ari dira parte hartzen prozesu horretan. 

Urrian hasi zenuten prozesua, eta apirilean borobilduko duzue. Zeintzuk dira kongresuaren helburuak?
Maialen Arteaga: Etapa desberdinetan dago banatuta kongresua, eta, une honetan, proposatutako gazte estrategia eztabaidatzeko prozesua abiatu dugu: abertzaletasunetik haratago doan independentzia nahi batetik abiatuta, zergatik gura dugun independentzia eztabaidatuko dugu. Estatu sozialista bat, estatu feminista bat, hezkuntza propio bat... ekarriko digu horrek, eta horretaz guztiaz oharkabetzera eramango gaituen independentzia nahi bat sortzea da kongresuaren helburua.

‘Zirtaka’ txostenean jaso dituzue urritik hona batutako ekarpenak. Orain eztabaidarako tartea zabaldu duzue?
Ane Amantegi: Oinarrizko ponentzia idazteko ekarpenak jaso dira urritik hona. Orain abiatu den eztabaida prozesuan, txosten horri ekarpen berriak egiteko aukera zabaldu da, ponentzia egokitzeko edo aldatzeko. Horretarako, Euskal Herriko gazteen ekarpenak jasoko dira. Ahalik eta ekarpen gehien jasoko dira eta gazte denok batera osatuko dugu gazte estrategia.
Aitor Del Hierro: Eztabaidagai dugun Zirtaka txosten horren baitan Euskadi Feministaren ekarpenak eta Ikasle Abertzaleekin adostutakoak jasotzeko —hezkuntza arloan azken horiek­— zenbait saio ere egin dira. Gazteengan hautabide independentista sustatzea eta independentziarako aldarria gure egunerokotasunean txertatzea da tesi nagusia.

Herriz herri eta auzoz auzo ari zarete lantzen ‘Zirtaka’. Durangaldean ere bai?
M.A.: Durangaldean 100 gazte inguru ari gara horretan lanean. Orain arte heldu ez garen gazteengana heltzea ere bada helburua, eta kongresu honegaz ahalik eta gazterik gehienen iritzi eta ekarpenak jaso gura dira. Zentzu horretan, parte hartzea nahiko aberasgarria izan da.

Zeintzuk dira ponentziaren ardatz nagusiak?
A. D.H.: Gazte estrategia berregokitzea izan da Ernaik izan duen erronka nagusia, Ezker Abertzaleak Abian hausnarketaren ondotik abiatutako proiektu independentista oinarri hartuta. Erronka horren barruan gazteen problematikak landuko dira, gazteok bizi ditugun zapalkuntza mota desberdinak. Gazte mugimenduen parte aktibo izan gura dugu, eta alternatiba zehatzak planteatu sistemaren parametroetatik kanpo.
A.A.: Etxebizitza, lana eta hezkuntza dira lan ildo nagusiak. Hori guztia ikuspuntu feminista batetik. Gazteak sektore berezitua gara, eta gazte izate soilagatik askotariko zapalkuntza motak pairatzen dituena. Horri aurre egin gura zaio.
M.A.: Arlo guztietan burujabe izatea bultzatu gura dugu. Burujabe bizitzea da berez independentzia. Inoren menpe ez egotea eta zapaltzen gaituen sistemari aurre egitea gura dugu.

Gazteen arazoak erdigunean jarri eta alternatiben bidez borrokatzearen aldeko apustua proposatu du Ernaik.
A.D.H.: Bizitza vs kapitala. Oinarrizko eskema horretan sakondu gura dugu. Garrantzirik gehien kapitalak hartzen duen sistema hau bizitzagaz kontraesanean dagoela ikusiko dugu, eta horri aurre egiteko gazte mugimenduak alternatiba propioak sortuko ditu.

Ernairen funtzionamendua ere izan duzue langai?
A.A.: Ernai sortu zenetik gaur arte, prozesu feminista bat eman da eta horrek hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean. Horien artean genero sistemak sortutako zapalkuntzei aurre egiteko neurriak planteatu dira. Herrietako militanteok zeintzuk premia ditugun ere definitu gura izan da, besteak beste.

Antolakuntzak ere berezko garrantzia hartu du kongresu honetan. Zergatik?
A. A.: Ernaiko taldeez aparte,  beharrezkoa ikusi da proiektu honegaz ados dauden gazte guztiak batuko dituen oinarri sozial edo komunitate handi bat sortzea, antolakundea bera herrietan berregokitzeko. Hori da kongresuan antolakuntzari dagokionez planteatutako berrikuntza nagusia. Hartara, gazte guztiek izango dute ekarpenak egiteko espazio bat. Ernai herri eta auzo guztietako gazteei zabaldu gura zaie, nahiz eta egunerokotasun horretan ez duten parte hartzen. Kanpo proiekzioa eta indar erakustaldiak ere landu gura dira, eta horri begira ekimenak antolatuko dira, ikusgaitasuna emateko.

Hutsunea ikusi duzue hor?
M.A.: Baliteke ez jakin izana  bere burua militante moduan ikusten ez duten edo antolakundean aritzeko denborarik izan ez duten gazte horiengana heltzen. Gazte horiek ez dute izan parte hartzeko modu zuzen bat, eta orain parte hartzea zabaltzea proposatu da, eurak ere badira-eta estrategiaren parte.

Zornotzatik Igorrera, Gazte Akelarrea egingo duzue, apirilaren 13, 14 eta 15ean.
A.A.: Herri guztietan murgildu dira gazteak prozesuan, eta hori amaitu ostean, Zirtakan sortutako txinpartekin Gazte Akelarrea sortzeari ekingo diogu, su hori benetan martxan jarri gura dugu. Abiatutako prozesu honetatik indartuta irten gura du Ernaik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!