Kinua Argazki Elkartea 'Pewen, cuadernos de fotografía' bildumarako argazkilariak bilatzen ari da

Anboto 2017ko urt. 9a, 12:25

Pewen, cuadernos de fotografía hilero autore baten monografikoa argitaratzen duen argazki bilduma da. Begira Photo jaialdia antolatzen duen Kinua elkarteko kideen eta Hegoamerikako argazkilarien lana ezagutzera emateko sortutako Muga argitaletxearen proiektu honen 2017ko bigarren seihilekorako bildumak osatzeko argazkilariak bilatzen ari dira. Beraien obrak bidaltzeko deia egin diete argazkilariei, eta jasotakoen artean, sei autore aukeratuko dituzte.

Parte hartu nahi duten argazkilariek beraien lanak PDFan info@mugaproject.com-era bidaltzea eskatu dute. Dokumentuan, argazkilariek beraien biografia txiki bat, lanaren deskribapena eta 20-30 argazki bidali behar dituzte. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31ra artekoa izango da. Aukeratzen dituzten autoreei hamar ale bidaliko dizkiete eta 44 salmentan jarriko dituzte 6 euroan.

2016an argitaratu dituzten azken aleak Ximena Almeydaren Calma, Alex Murianaren, Sed de Sombra eta David Inclanen Piel de otoño izan dira. 2017ko lehen seihilekoan Sofía Seguroren Ráices andinas, Mara Sanchez-Reneroren El cimarrón y su fandango, Marc Llach-en Happy hour, Santiago Hafforden La vaca atada,  Fernando Maselliren Hierofánias eta Raúl Goycoolearen La isla argitaratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!