Kulunkaren obra berria ikusteko bi aukera, asteburuan, eskualdean

Itsaso Esteban 2016ko abe. 16a, 13:05

Testurik bako André eta Dorine eta Solitudes antzezlanen arrakastaren ostean, ahotsak presentzia nabarmena daukan obra berria dakar Kulunka Teatroa taldeak asteburuan, Durangaldera. Gaur, 21:00etan, Zornotza Aretoan; eta domekan, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute Taxidermia de un gorrión lan berria.

Edith Piaf abeslari paristarra protagonista duen obra da Kulunka taldearen antzezlan berria. André eta Dorine eta Solitudes lanek bezala, barne mundura bidaia bat proposatzen du antzezlan honek ere. Gai mamitsuak dira Taxidermia de un gorrión lanekoak: mitoak sortzearen beharraz edota zahartzaroaz dihardu, adibidez.

André eta Dorine obran ere oholtza gainean zegoen Garbiñe Insaustik antzezten du Taxidermia de un gorrión honetan Piafen paper protagonista, eta aho zabalik utziko du publikoa bere zuzeneko ahotsagaz.

Lola Casamayor eta Alberto Huici aktoreek dihardute Insaustigaz oholtzan. Hain zuzen ere, Casamayorrek antzezten duen kazetariaren eta abeslariaren arteko elkarrizketa bat da antzezlanaren ardatza.

Ozkar Galanen testuan oinarrituta eta Fernando Sotoren zuzendaritzapean gauzatu dute Taxidermia de un gorrión.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!