Lehen diskoa kaleratzeko, 'crowdfunding' kanpaina abiatu du Bultz! taldeak

Anboto 2016ko abe. 17a, 12:00

Finantzaketa kolektiboaren bitartez kaleratuko du Bultz! musika talde sortu berriak bere lehenengo diskoa. Urtarrilaren 11ra arte izango da Interneteko plataforma baten bitartez laukoteari bere lehenengo proiektua gauzatzen laguntzeko aukera.

Aurretik Iheskide, Pixontxis edota Kruders taldeetan ibilitakoak dira Bultz! taldea eratu duten Liher, Ibaiko, Xagu eta Txibillo. "Errepideetan urteetako esperientzia dugun gazteak gara, egunez egun gure musika aurrera eramaten aritu garenak", diote taldekideek komunikabideetara bidali duten oharrean. "Esfortsua eta ilusioa izan ditugu beti bidelagun, baina oraingoan hutsetik hasiko gara, eta horrelakoetan ezinbestekoa da jendearen laguntza", diote Bultz! taldeko musikariek.

Musikazaleek Interneteko plataformaren bitartez egindako ekarpenetatik 5.000 euro biltzeko helburua ipini dute taldekideek. Diru hori lehenengo diskoaren grabaziora, nahasketak egitera, masterizaziora eta packaging-era bideratuko dute. "Diskoan inguruko gaiez hitz egiten duten euskarazko 11 kanta bilduko ditugu, soinu melodiko eta indartsuak nahastuz", aurreratu dute musikariek.

2016 urte amaieran eta 2017 hasieran, Usurbilgo HiGain estudioetan burutuko dute grabazioa, eta diskoaren aurkezpen kontzertua 40 Minutu Rock jaialdian egitea aurreikusten dute, otsailean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!