Koikili Lertxundik eta Zigor Iturrietak Helmugak proiektu solidarioan parte hartuko dute

Aimar Esteban 2016ko urr. 21a, 13:27
Helmugak proiektu solidarioa bultzatu duten kirolariak (Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza)

Abentura eta solidaritatea oinarri duen proiektu honetan bost kirolarik mundu mailako hiru proba handi egingo dituzte.

Zigor Iturrieta zornotzarrak eta Koikili Lertxundi otxandiarrak, Ander Txakartegi, Xabat Arrate eta Txomin Aranarekin batera Helmugak proiektu solidarioa martxan jarri dute. 2017 eta 2018 urte bitartean mendiko bizikletarekin Mongolia, Kuba eta Kanadako hiru proba handietan parte hartuko dute. “Amatxorbe proiektuarekin hasi zen kolaborazioa. Titan Desert proba egin genuen 2015ean eta EuSport-etik hedabideekin harremanetan laguntzen hasi ginen; esperientzia ona izan genuenez Helmugak proiektuan parte hartu dugu”, adierazi du Lertxundik. Probak egiteaz gainera, joaten diren lekuetara ekarpen solidarioak egin nahi dituzte. Euskal Herriko Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin harremanetan daude joaten diren toki bakoitzaren beharrizanak zeintzuk diren jakiteko eta horietan laguntzeko asmoz.

Euskara, kirola, natura eta pertsonak proiektu honen ardatzak izango dira. Bost kirolari euskaldunek Euskal Herritik mundura zabaltzeko eramaten dituzten marka guztiak bertakoak izatea gura dute. “Gure nortasuna mundu osotik zabaldu nahi dugu. Kirola, natura, pertsonak eta euskara maite dugunontzako, hori da nortasuna”

Otxandiarrarentzat proiektu pertsonala da: “Lau baloreek nire identitatea erakusten dute eta horrek gustura egotea suposatzen du. Zure afizioekin bizimodua egiteak zoriontasuna dakar eta hori da garrantzitsuena”.

2017ko udan hasiko dira Mongolia Bike Challenge probarekin. Bigarrena, Cuba Titan Tropic, abenduan izango da, eta azkenik, 2018ko uztailean Canada BC-a egingo dute. Probak hirunaka egingo dituzte. Arrate eta Txakartegi denetan izango dira eta taldea osatzen duten hirugarren partaidea txandakatuko dute. Iturrieta Mongolian izango da eta Lertxundi Kuban. Kanadara Arana joango da.

Proiektu solidario eta abenturazale honen zehaztapen gehiago hurrengo hilabeteetan emango dituzte bost kirolariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!