"Zaharrek arreta gizatiarra merezi dute: 'oraintxe noa' esaten ibiltzeaz nekatuta gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2016ko urr. 21a, 09:30
Kontxi Rodriguez eta Geno Ereñaga

Egoitzetan dauden pertsona zaharrak euren bizitzako azken etapa bizitzen ari dira, eta prozesu berezi horren jakitun egiten dute lan zaintzaileek. Badakite pertsonekin egiten dutela lan, eta euretaz arduratzen dira. Badakite euren lanak zaharrengan eragina duela, baita familiengan ere.

Zentro kontzertatuetako behargin asko ez daude gustura lan badintzekin, eta zaharrek zerbitzu hobea merezi dutela uste dute. Egoera hobetzeko borrokan, ELAk deituta 32 egun egin dituzte greban jadanik, eta astelehenean, hiru asteko grebari ekingo diote. Kontxi Rodriguez eta Geno Ereñaga zaintzaile edo gerokultore durangarrak dira horietako bi. Bizkaiko deialdira Durangoko Barandiaran eta Astarloa, Zornotzako Orue eta Jose Maria Azkuna eta Ermuko Abeletxekoak batu dira.

Hiru asteko greba hasiko duzue astelehenean. Zer eskatzen duzue?
K.R.: Duela kasik urtebetetik aldarrikatzen gabiltzana eskatuko dugu orain ere. Soldata, baimenak, lanaldi laborala hobetzea... Patronalek, uneotan 6 euroko soldata igoera proposatu digute, eta urtean ordu bi gutxiago lan egitea. Suminduta gaude, errespetu falta itzela da beharginei eta erabiltzaileei begira.
G.E.: Urtean, 1.698 ordu lan egiteko hitzarmen bat dugu; asteburuetan edota jaiegunetan tokatzen zaigu. Ratioak, lanaldi bakoitzeko behargin kopurua, handitzea eskatzen dugu. Izan ere, 1999tik ezarrita daude, eta ez dute zerikusirik egungo beharrekin; gero eta erabiltzaile gazteagoak etortzen ari dira, berrogeita hamapikukoak, adibidez. Arreta gizatiarra merezi dute; “oraintxe noa” esaten ibiltzeaz nekatuta gaude.
K.R.: Duintasuna eskatzen gabiltza. Ratio horiek gure lan kargan eragiten dute, baina baita erabiltzaileen eta senideengan ere. Senide gehienek babesa erakutsi digute aldarrikapenetan, eta horrek pozten gaitu. Eurek ere ikusten dute ez dugula behar beste esku hainbeste lanerako. Gatazka hau aspalditik dator, eta senide asko nekatuta daude, ez dakitela zer egin.

Zenbat zahar daude zuen lantokietan?
G.E.: Gure egoitzan, Barandiaranen, 115 plaza dauzkagu, eta kasik %100ean beteta egoten da urte osoan. Eguneko zentroan ere 40 bat egoten dira.
K.R.: Gurean, Ermuko Abeletxen, batzuek denbora gutxi egiten dute, itxaron zerrendetan-edo daudelako. Baina 110 bueltan ditugu.

Alderik badago Aldundiak zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen egoitzetan?
G.E.: Alde itzela dago. Erabiltzaile kopuru bererako lan-talde bikoitza dute. 106 ordu gehiago egiten dugu lan, eta %40 eta %60 artean gutxiago kobratu. Bere zuzeneko zentroetarako arreta egokia exijitzen badu Aldundiak, zergatik ez kontzertatuetarako? Kontzertatuek ere diru publikoa jasotzen dute. Bestalde, enpresek etekinak edukitzen jarraitzen dute.
K.R.: Mileuristak gara, baina lanaldi asko partzialak dira, eta jende bat ez da mileurista izatera ere heltzen. Prekarietate itzela dago.
G.E.: Langile batzuk goizez eta gauez etortzen dira, erabiltzaileak altxatzera eta ohean sartzera.

Lan gogorra izango da sarritan, ezta?
K.R.: Askotan, bai. Patologiak tratatzen jakin behar da, eta egoera zail horiek gestionatzen ere bai. Euren babes gara sarritan.
G.E.: Bai, euren familia ere bagara apur bat. Lan gogorra da, baina betetzen zaituena ere bai. Gustatu egin behar zaizu. Ahal duzun guztia ematen diezu, eta jaso ere egiten dugu.

Pertsonak zaintzen egiten duzue lan. Ez al luke horrek lehentasun izan beharko?
G.E.:  Enpresentzat zenbakiak gara. Zenbakiak gara langileak, erabiltzaileak eta oheak ere bai.
K.R.: Negoziazio mahaian nago, eta lotsagarria da enpresariak zenbakiei bueltaka ikustea. Zaharrak euren bezeroak dira, bai, baina pertsonak dira, eta arreta eman behar zaie.

Gainera, kontuan hartu behar da senideentzat prozesu delikatua izan ahal dela nagusiak egoitzan sartzea...
G.E.:  Txarto pasatzen dute normalean. Txarto pasatzen hasten zara etxean egoera zailtzen hastean, dependentzia batzuk ezin dituzunean bete... Hala ere, kosta egiten zaie egoitzara eramatea. Denetariko sentimenduak dituzte. Batzuek, azkarregi ekarri ez ote duten galdetzen dute gero, baina guk ikusten dugu behar hori bazuela.
K.R.: Era askotako bizipenak pasa dituen jendea da, eta bizitzako azken etapan dagoena. Beraz, tratu duina merezi dute.

Beharginak, duela hile batzuk egindako elkarretaratze batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!