Victor Uriartek irabazi du 2017ko egutegiko argazki lehiaketa

Anboto 2016ko urr. 14a, 10:54
Victor Uriartek sarritan parte hartu du argazki lehiaketa honetan.

ANBOTOk argazki lehiaketa antolatzen du urtero, egutegia osatzeko. Parte-hartzaileek Durangaldeko 13 herrietako argazkiak aurkezten dituzte. Orain arte, sari nagusia argazkirik onenaren egileak jasotzen zuen.

2017ko egutegirako, baina, oinarrietan aldaketa egon da, eta argazki-sorta onenari eman diote saria. Aurkeztutako 8 parte-hartzaileen artean, Victor Uriarte atxondarrak irabazi du. Argazkizale honek urteak daramatza argazki-kameragaz inguruko txokoak islatzen. Emaztea du laguntzaile. “Argazkiak paisaiei eta baserriei ateratzea gustatzen zait, batez ere”, dio Uriartek.  2010ean aurrejubilatu zenetik, denbora gehiago du zaletasun kutun honi eskaintzeko.

Hau ez da atxondarrak irabazi duen lehenengo lehiaketa. Atxondoko Udalak antolatutakoa irabazi zuen. ETBko eguraldi saiora ere sarritan bidali ditu Durangaldeko argazkiak.

Mendi martxen irudiak ateratzen ere ibiltzen da askotan Uriarte. “Semeak parte hartzen duenean, argazkiak ateratzera joaten gara. Aurten, Iurretako mendi martxaren argazkiak atera ditugu, eta Zaldai elkarteari pasatu dizkiogu”.

Azokarako prest
Durangoko Azokarako prest izango da 2017ko ANBOTOren egutegia. Landako Guneko Durangaldeko Argitalpenen standean eta Durangaldeko hainbat saltokitan eskuratzeko aukera egongo da, urtero moduan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!