Bullyng-ari aurre egitea lortzen dabilen metodoa eskualdeko ikastoletan

Anboto 2016ko ira. 9a, 10:15
Guztira 52 ikastolek txertatuko dute bullyng-ari aurre egiteko KiVa metodologia 2017ko urtarriletik aurrera.

KiVa programa bullyng-ari aurre egiteko Finlandian garatu duten metodologia bat da, hezkuntza komunitatearen eta Finlandiako Gobernuaren artean landu dutena. Metodologia txertatu den Finlandiako ikastetxeetan oso emaitza onak eman ditu.

Programaren eraginkortasuna ez da oharkabean pasatu, eta Europako beste herrialde batzuetara ere zabaldu da, antzerako emaitza positiboekin. Horiek horrela, Ikastolen Elkarteak hitzarmen bat sinatu du Finlandiako Unibertsitateagaz programa hemen ezartzeko. 2017ko urtarriletik aurrera Lehen Hezkuntza eskaintzen duten 52 ikastolek abiatuko dute KiVa metodologia. Durangaldean adin tarte horretako hezkuntza eskaintzen duten hiru ikastolak tartean daude: Durangoko Kurutziaga, Zornotzako Andra Mari eta Elorrioko Txintxirri.

Prebentzioa eta taldearen indarra. Horiexek dira KiVa metodologiaren bidez indartu eta landu gura dituzten zutarriak. Erasotzailea eta biktima ez dira ikastetxeetako jazarpen kasuetan inplikatuta dauden protagonista bakarrak. Bullyng jokabide horiek bertatik bertara ikusten dituzten ikusle edo lekukoak ere badaude, eta horiek isilik geratzen badira edo erasotzailearen jarrera babesten badute, kasu bakoitzetik garaile irteten den jokabide mota erasotzailearena da. Errekonozimendu soziala jasotzen du, eta hurrengon ere berdin jokatzeko hauspoa ematen dio. Horregatik, taldeko nagusitasuna biktimaren aldera eramatea bilatzen du KiVa programak: “Agente pasiboak direnak aktibatzea bilatzen du, gertatzen ari den horretan parte hartu dezaten. Azken batean, ez da bakarrik erasotzailearen eta biktimaren artekoa den kontu bat. Inguru sozialak ere eragitea garrantzitsua da. Egoera horiek normaltzat ez hartzea, eta taldea horretaz kontziente izatea bilatzen du metodologiak”, Kurutziagako irakasle Jon Urretabizkaiaren esanetan.

Ikastola Elkarteko webgunean jasotzen diren datuen arabera, ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile izango dira. Ikusle edo lekukoei dagokienez, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Besteak (%34) ez dira ohartuko eskola jazarpenaz.

Beraz, lekuko den bullyng kasuetan taldeak biktimarekiko enpatia erakusten badu eta ez erasotzailearekikoa, jokabide zuzena irtengo da indartuta, erasotzaileak sentituko du oker ibili dela, eta kasu bakoitzean bilatzen den jokabide korrontea irtengo da indartuta. Horretarako, ikasleek bullyng-a zer den eta zer ez den jakin behar dute, horrelako kasu baten aurrean daudenean detektatu ahal izateko. Horregatik, prebentziorako proposamenetan indar berezia jartzen du KiVa egitasmoak.

Formazioa
KiVa 2017ko urtarrilean sartuko da indarrean 52 ikastolatan. Ordura arte, prestakuntza lana egingo dute ikastolek eta euretan diharduten eragileek. Orain arte KiVari buruzko lan saio bat baino gehiago izan da, eta aurrerantzean ere izango dira. Era berean, metodoak ikas komunitate osoa aintzat hartzen du, gurasoak ere bai beraz, eta Kurutziagan, esaterako, irailean zehar gurasoekin egingo diren batzarretan metodologiaren gaineko azalpenak—orain arte jaso dituztenak— emango dituzte.

Metodo arrakastatsua
Oraingoz, Lehen Hezkuntzara (6-12 urte bitartean) begirako programa da. Finlandian 2006an hasi ziren lantzen Gobernuak Finlandiako Turku Unibertsitateari hala eskatuta, eta 2009az geroztik martxan dago. Harrezkero, Herbehereetan, Italian, Erresuma Batuan eta Estonian erabili dute, besteak beste.

KiVa programari buruz informatzeko Finlandiako Hezkuntza Ministerioak eta Turku Unibertsitateak sortutako webguneak (www.kivaprogram.net)  metodologia hori txertatu den herrialdeetan izandako emaitzak jasotzen ditu. Positiboak dira denak. Italian, programa hau darabilten ikastetxeetan, %55 inguru jaitsi dira bullyng kasuak 2013-14 urtetik hona. Herbehereetan %29tik %13.5era jaitsi da bullyng-a jasaten dutela esaten duten ikasle kopurua. Erresuma  Batuan 17 ikastetxek txertatu zuten KiVa metodoa 2013-14 ikasturtean, eta “bullyng-aren jaitsiera adierazgarriak jakinarazi dituzte”, webguneak jasotzen duenez, eta ondo hartu dute ikasleek zein irakasleek.  

KiVak nazioarteko sariak ere jaso ditu. 2009an, Finlandian abian jarri zuten urtean, Krimenaren Prebentziorako Europako Sareak banatzen duen saria irabazi zuen. Sare hori 2001ean sortu zuen Europar Batasunak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!