Durangaldeko zerrendagaiak legebiltzarrera bidean

Anboto 2016ko abu. 30a, 15:24

Iñigo Urkullu EAJko zerrendaburua da. Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendeburuak dira, hurrenez hurren.

Hauteskunde kanpainak oporraldiaren amaieragaz bat egin du. Asteon, EAEko aldizkari ofizialean  hautagaien zerrendak kaleratu dituzte. Irailaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara Durangaldeko hainbat lagun aurkeztuko dira. Uztailaren amaieran EH Bilduk Jasone Agirre kazetari abadiñarra Bizkaiko zerrendaburu legez aurkeztu zuen. Maddalen Iriarte, urteetan Durangon bizi den kazetari donostiarra, berriz, Gipuzkoako zerrendako buru da. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ez du onartu EH Bilduk jarritako helegitea, eta Arnaldo Otegi hauteskunde zerrendatik kanpo utzi ostean Iriarte bigarren postutik lehenengora pasa da. Oraindik alda daitezke gauzak. Auzitara joko du koalizioak, eta Otegiren parte-hartzea epaitegietan ebatziko dute.

EH Bilduren zerrendan Julen Arzuaga laugarren dago. Daniel Maeztu Durangoko zinegotzia eta Aritz Otxandiano Otxandioko alkate ohia ere zerrenda horretan agertzen dira, seigarren eta hamargarren postuetan, hurrenez hurren.

Urkullu zerrendaburu
EAJk Iñigo Urkulluren aldeko apustua egin du iraileko hauteskundeetarako. Irabaziz gero, Urkulluren bigarren agintaldia izango litzateke Eusko Jaurlaritzaren gidaritzan. Jeltzaleen zerrendan Zornotzako alkate izandako David Latxaga zortzigarren postuan dago, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea hamahirugarren.

 

Atorrasagastiren hautagaitza

Ainara Atorrasagasti durangarra Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdi Animalistako kide da. Irailaren 25eko hautskundeetarako zerrendan bederatzigarren postuan dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!