Gerediaga-Elorrio autobidea zabaldu dute gaur

Anboto 2016ko abu. 8a, 21:22

Gaur zabaldu dute Gerediaga-Elorrio autobidea. Autoak astiro ibili dira, errepidearen sarrerak eta irteerak arreta handiz begiratuz. 10 minutu baino gutxiagoan Gerediaga-Lebariotik Elorriora heltzeko aukera ematen du errepide honek. Abuztua izanik, ibilgailu gutxi ibili dira gaur. Hala ere, Aldundiko arduradunek aurreikusten dutenez, errepide honek egunean 12.000 ibilgailu inguru hartuko ditu. Joan zen astean Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak errepide honen inguruan egindako adierazpenak kritikatu ditu EH Bilduk.

Ezaugarri teknikoak

Bizkaiko Foru Aldundiak Gerediaga-Elorrio autobidearen ezaugarri teknikoak azaldu ditu. Autobideak 6,4 km ditu; galtzada bi ditu. 1.965 metro luze den tunel bat (Gazteluakoa) eta tunel faltsu 2 dauzka. 2,4 milioi m³ hondeatu dira eta 1,2 milioi m³ lubeta bihurtu dira. Tunelen ahoei lotuta, 1,8 milioi m³, berriz, soberakinen hiru biltegietara eraman dira. 

EH Bilduren kritika

EH Bilduk prentsa oharrean dioenez, "Imanol Pradales diputatuak esan du Gerediaga-Elorrio autobidea doakoa izatea eskualdeko lehiakortasunerako ona dela. Hori gezurra da: autobide hori inolaz ere ez baita doakoa". Oharrean gogoratzen dutenez, "errepide honen eraikuntzak %40ko gainkostua jasan du; honez gain, bizkaitarroi errepide honek 1.400 milioi eurotik gorako kostua suposatuko digu, hori baita datozen 27 urteetan itzalpeko ordainsaria sistemarekin ordainduko duguna; eta ez dezagun ahaztu aipatu errepidea AP8arekin zuzenki lotuta dagoela, eta bertan bai ordaindu beharko dutela, bai ala bai, autobide berri honen erabiltzaile guztiek".

EH Bilduk Gazteluako eta Atxondoko obrak kritikatu ditu. "Pradales jaunak errepide berri honen lanek eragindako kalteak ahaztu ditu, aipagarrienak Gazteluan eta Atxondon izandakoak. Horregatik bertako biztanleen ahotsa entzun izan dadila gura dugu, aipatutako kalteak ez baitira soilik gainkostu ekonomikoak, baita sozialak ere. Beharrezko denean, gure herrietako biztanleak errepidea erabiltzera animatzen ditugu, hori ez dugu ezkutatzen. Salatu nahi duguna zera da: Pradales jaunak eta Bizkaiko Foru Aldundiak esandakoa ez dela egia osoa, soilik interesatzen zaiena baizik".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!