"Momentu politiko honek asko erakartzen nau"

Anboto 2016ko abu. 8a, 15:49

Jasone Agirre Garitaonandia datozen hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburua aurkeztu du EH Bilduk Bilbon, gaur goizean. Miren Larrion eta Arnaldo Otegi Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak aldamenean izan ditu kazetari abadiñarrak. Hedabideen aurrean gogoratu duenez, "nik ez dut militatu izan ez Sortu, ez Alternatiba, ez EA, ez Aralarren. Ni gizarte zibiletik nator, EH-Bilduren izenean egingo dut lan, baina herritarrak ordezkatu gura ditut, eta euren guztien alde lan egin". Agirrek politikari moduan bere lehenengo elkarrizketa ANBOTOri eskaini dio. 

Sindikalismotik politikarako jauzia eman duzu. Erabakia hartzea kosta egin al zaizu?
Neurri batean erabakia hartzea kosta egin zait. Maila pertsonalean hartutako erabakietatik kanpo, inoiz hartu dudan erabakirik handiena izan da. Aste beteren bueltan hartu behar izan dut erabakia. Konpromiso bat eskatu didate eta azkenean, baiezkoa eman dut.

Baiezkoa erabakitzerakoan, zerk erakarri zaitu?
Momentu politiko honek asko erakartzen nau. Arnaldo Otegi hor egoteak ere erakarri egiten nau. Aldaketa bat da nire bizitzan, eta aintzat hartu nautelako oso eskertuta nago. Pentsatu badute egokia izan naitekela lan honetarako ezin ezetzik esan. 

Politikan sekula aritu barik lehenengo lerrora pasatzean, ingurukoak harritu egin dira?
Gai honen inguruan berba egiteko Arnaldo Otegigaz batu nintzen. Elkarrizketa horren amaieran esan zidan guzti honetatik onena jendearengandik jasotzen duzun maitasuna dela. Harritu egin nintzen ez nuelako pentsatzen Otegigaz maitasun terminoetan hitz egingo nuenik. Eta egia da. Maite nauen jendearen aldetik, nahiz eta nire moduan ez pentsatu, animo asko jasotzen ari naiz. Botoa emango ez didaten pertsonek ere animoak eman dizkidate, eta ni horrekin gelditzen naiz.  

Kanpainan bete-betean sartu zara. Motibatuta sentitzen zara? 
Pilak ipinita, bai. Gauzak ikasteko gogo handiz nago. 

Zein ekarpen egin diezaiokezu EH Bilduri?
Maila pertsonalean nire lanbidearengatik eta hortik kanpo ikasi dudanagatik jendea behatzen, entzuten, galdetzen eta ulertzen ahalegintzen ikasi dut. Hori guztia modurik zintzoenean transmititzea da kontua. Era berean, ni ez naiz politika instituzionalean aritu. Ildo horretatik, uste dut politikari alde emozionala falta zaiola. Esaten denean ura garela zati handi baten, harritu egiten gara. Politikan ere, neurri handi baten, sentimendua garela uste dut. Burua behar da bidea ondo markatuta egoteko, baina bide horretan aurrera egiteko sentimenduak behar dira. Ekarpen hori egin dezakedala uste dut. 

Anbotoko presidente kargua utziko duzu. Erazen eta ANBOTOn noiztik diharduzu kolaboratzen?
Orain 18 urte inguru. Pena handiena ANBOTO eta lana uztea da. Baina, bide hau hartzen duzunean badakizu beste gauza batzuk alde batera utzi behar dituzula. 

Hauteskundeak uste baino arinago izango dira. Zelako abuztua aurreikusten duzu?
Lan handia izango dela ez dago dudarik. Hala ere, ni baikorra naiz. Egingo da aurrera, modu batera edo bestera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!