Jasone Agirre kazetaria izango da EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua

Anboto 2016ko uzt. 30a, 11:26

Jasone Agirre Garitaonandia kazetari abadiñarra izango da EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua. Agirreren aurkezpen publikoa datorren abuztuaren 8an egingo dute Bilboko EH Bilgunean, Arnaldo Otegik eta Miren Larrionek lagunduta.

Bizkaiko hautaketa prozesua amaitu ondoren, Arnaldo Otegirekin (Gipuzkoa) eta Miren Larrionekin (Araba) batera, Jasone Agirre izango da EH Bilduko hirugarren zerrendaburua EAEko hauteskundeetan. EH Bilduk prentsa oharrean azaldu duenez, "erabaki honekin ixten da zerrendaburuak aukeratzeko aste hauetan herri ezberdinetan burutu den hautaketa prozesu parte hartzailea. Hemendik aurrera zerrenden osaketari ekingo zaio hurrengo asteotan zehar". 

Agirreren ibilbidea

Abadiñon jaioa (1968an) Jasone Agirre Garitaonaindiak ETBko albistegietan egiten du lan 1991. urtetik. EITBko Erredakzio Kontseiluko sortzaileetariko bat izan zen eta Berdintasun Batzordeko kidea da. Emakumeek pairatzen dituzten tratu txarren inguruan egindako erreportajeengatik sariak jaso ditu, tartean Estatuko Emakumeen Institutuak eta Emakundek emandakoak. LAB sindikatuko ordezkaria da ETBko Langileen batzordean.

Jasone Agirre Durangaldeko kulturgintzan ere pertsona ezaguna da. Gerediaga elkarteko zuzendaritzako kide da eta azken urteotan ANBOTO astekariko presidentea izan da. Politikarako jauzia emanda, Durangaldeko tokiko komunikabidean duen kargua utzi egingo du.  

Jasone Agirreren aurkezpen publikoa datorren abuztuaren 8an egingo dute Bilboko EH Bilgunean, Arnaldo Otegik eta Miren Larrionek lagunduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!