Jaiak, auzotik eta auzoarentzat

Anboto 2016ko uzt. 15a, 09:30

Udako iluntze luzeekin batera, auzoetako jaiak protagonista bihurtzen dira Durangaldean. Bazkari ederrak mahaian, erromeria doinuak megafoniatik, dantza eta saltoak plazan... Askotariko osagaiak eduki ahal ditu jaiaren errezetak, baina helburu berbera: auzotarrak elkartzeko aukera bat ematea. Izan ere, auzotik eta auzoarentzat, borondatezko lanagaz antolatzen diren jaiak dira. Itzelezko jai jendetsuak egin barik, lanagaz disfrutatzea da euren asmoa. Jai txikiak izan arren, garrantzitsuak dira auzo bizitzan.

Aspaldikoak dira auzo jaiak. Elorrioko Argiñetan, esaterako, kofradiaren enkante bidez prestatzen dira jaiak, eta trukean, txokoa erabiltzeko eskubidea dute. Auzoko beharrizanetarako tresna ere baziren jaiak, eta oraindik ere hala dira zenbaitetan. Abadiñoko Gerediagan, Artiazar eta Patremoso baserriak erre zirenean, jaiko irabaziekin lagundu zieten. Sasoi batean, Traña-Matienako zortzi bat tabernak txosna ipintzen zuten. Jaiaren indarraren seinale.

Amatzan eta Bernagoitian
Galdu egin dira auzo jai asko, baina badira indartu direnak ere. Iurretako Amatzan orain 14 urte hasi ziren gaur egungo jaiekin, eta iaz ekintza arrakastatsua jarri zuten martxan: trikitixa jaialdia. Zornotzako Bernagoitian ere 16 gazteko talde batek berreskuratu egin ditu festak, orain bi hamarkadara arte munduko tiragoma txapelketagatik ezagunak zirenak.

Auzo batzuetan udalen diru-laguntza edukitzen dute, baina Gerediagako Kepa Bengoa kexu da, adibidez: “Instituzioen aldetik ez da baloratzen jai batzordeek egiten duten lan bolondresa”.Txosnako iturria ahuldu denetik, errifa antolatzen dute.

Auzo jaien erakusle lez, Amatza, Argiñeta, Gerediaga eta Arrazolako auzotarrekin batu da ANBOTO. Joan berri dira Amatzako sanmartinak; abuztuaren 5ean datoz Argiñeta eta Gerediagako jaiak, eta Andra Mari bueltan Arrazolakoak.

"Jaiak antolatzea polita eta esker onekoa da"

43 urte diharduzue jai batzorde honegaz jaiak antolatzen. Zein bilakaera izan dute jaiek?
Kepa Bengoa: Jaiak zeharo aldatu dira. Garai batean, auzoko 25 lagun inguru ermitako sakristian batzen ginen jaiak antolatzeko. Jaiak antolatzea bera jai handia zen. Hiru txosna eraikitzen genituen gure materialagaz. Erromeriak oso jendetsuak ziren, bai hemen eta baita beste auzo batzuetan ere.

Erromeriek zergatik izan dute gainbehera hori?
K.B.: Globalizazioaren eraginez izan da, besteak beste. Herri eta hirietako jaiek beste protagonismo bat hartu dute, gure kaltetan. Dena dela, garrantzitsua da niretzat jai bakoitzak bere ezaugarriak mantentzea. Sukalkiak eta erromeria dira gure ezaugarriak. Indar gehiagogaz eta gutxiagogaz, horixe da mantendu behar duguna.

Erromerien loraldi bat igarri da, baina.
Nagore Agote: 90. urte aldera hor jo zen gailurra. 15 urtean beherantzako joera izan dute. Orain, berriro berpizten ari dira talde dantzak erakusten hasi direlako.

Badago erreleborik?
N. A.: Baietz espero dut. Lehen lan egiteko sortzen zen giroa bajatuta dagoen arren, jendea indarragaz dago jarraitzeko.
K.B.: Jaiak antolatzea oso gauza polita da, eta oso esker onekoa auzoko jendeak asko baloratzen duelako jaiak egotea.

 

"Amatza ezaguna da trikitixa munduan"

Trikitixa jaialdia egin duzue Amatzako jaietan, bigarrenez.
Egoi Petite: Trikitixa jaialdia egitea iaz okurritu zitzaigun, erakustaldi lez,  zerbait desberdina egiteko asmoz. Hori behar da jendea erakartzeko. Aurten jende piloa etorri da, eta ja Amatza ezaguna da trikitixa munduan (barrez). Uste dut aurrerantzean ere jarraitu ahal dela jaialdiagaz; akaso zerbait aldatuta, ea auzoko jendea prest dagoen.  

Jaiak aspalditik al datoz?
Ana Madariaga: Aspalditik datoz, bai, baina ez horrelakoak. Lehen, meza egoten zen San Martin egunez, eta ostean luntxa. Horixe zen dena. Baina duela 14 bat urte ermita konpondu ziguten, eta Kristina Mardarasek deitu zigun esanez Amatza Errioxa eta kostaldea lotzen dituen ibilbidean dagoela. Ibilbidea berreskuratu zuten, eta aitzakia bat izan zen jaietan zerbait egiteko. Horrela hasi zen, eta dagoeneko mozorrotu eta guzti egiten gara; bazkaria, trikitilariak... Bertako dantzariek egiten dute dantza, neskek ere bai. Auzotarrei eskerrak eman behar dizkiegu, eurek barik ezinezkoa litzateke eta.
E.P.:Trikitilarien borondatea aipatzekoa da, eta baita bertsolariena ere; Abarkas-eta ia hasieratik etorri izan dira. Bestalde, udalaren eta trikitilari elkartearen laguntza ezinbestekoa da. Jaiak auzoa elkartzeko izaten dira urtero. Ondo dago jendea etortzea, baina gu elkartzea eta ondo pasatzea ere garrantzitsua da. Tortilla txapelketa, adibidez, auzoko jendearentzat da. 

 

"Familia askoren bilgune izaten dira jaiak"

Zelan prestatzen dituzue Arrazolako jaiak?
Gentzane Leturiaga: Jaiak Erlaunpe elkartetik antolatzen dira. Baina gura duena jaietako batzordera etorri ahal da, elkarteko bazkide izan zein ez. Azken urteetan berberak gabiltza.
Maialen Magunagoitia: Jai batzordetik pentsatzen ditugu jaiak, batez ere, eta gero, elkarteko kideek laguntzen dute.
G.L.: Barrako txandak, dantzarientzako pintxoak, San Rokeko ermitako barra...  Lan horietarako, Erlaunpeko bazkide bakoitzak txanda bat edukitzen du. 95 bat gara.

Antzerki herritarra ezaguna da.
G.L.: Aurten ez dugu egingo. Duela 25 urtetik dator, eta pare bat urteko atsedenaren ostean, iaz berreskuratu genuen, gogoa zegoelako. Baina aurten ez da atera. Igual hemendik urte bira egingo dugu. Batek daki!
M.M.: Erabaki dugu aurten antzerkia eskaileretatik ikusiko dugula. 5 urtegaz hasi nintzen antzerkian; pena da, baina ezin denean ezin da.

Zelako jaiak aurkituko ditugu?
M.M.: Herriak egiten ditu, herriarentzat. Guk disfrutatzeko egiten ditugu. Kanpotik jendea etortzen bada, ederto, baina ez da helburu nagusia. Familia askoren bilgune dira jaiak.
G.L.: Andra Mari bezperatik San Roke egunera dira, 14tik 17ra. Baina aurreko asteburuan mus eta briska txapelketak eta jubilatuen bazkaria egiten dira.  Luhartz eta Oba Neukeren erromeriak egongo dira. Animatu dadila jendea!

 

"Aspergarria izango balitz, aspaldi utziko genuen"

Argiñetako jaietako afariek fama ona daukate. Zer ematen duzue, bada?
Esteban Salaberria: Txuleta, solomoa, odolostea, piperrak, entsalada, txorizoa eta tripakiak ematen ditugu, guztia kolesterol baxukoa, beraz (barrez). Elorriotik jende ugari etortzen da, eta gazteak ere gero eta gehiago.
Bixente Aizpurua: Iaz 1.200 lagun etorri ziren, bazkari eta afariak kontuan hartuta. Giro euskaldun peto-petoa egoten da jaietan. Afariez gainera, bazkari bi egoten dira. Zapatuan kofradiakoa, eta astelehenean paellada.

Zelan moldatzen zarate lanerako?  Disfrutatzen al duzue?
E.S.: Zaharrak gara asko, baina gazte asko etortzen da laguntzera. Adibidez, zaharren talde bat 06:00etan hasten da garbitzen, eta gazteak afariak-eta zerbitzatzen egoten dira. Gu duela 40 bat urte hasi ginen, jaiak ez desagertzeko. Lehen, Egan eta halako taldeak ekartzen genituen, baina lana eurentzat egiten genuen, disfrutatu barik. Orain bai, disfrutatzen dugu.
B.A.: Aspergarria izango balitz aspaldi utziko genuen. Batzordean hamar bat gaude, baina, guztira, 60 bat lagunek parte hartzen dute. Txandak-eta ondo planifikatzen ditugu, jendea ez erretzeko asmoz. Izan ere, auzo askotan jaiak galdu egin dira. Bestalde, udalak, edozein koloretakoa dela, diru-laguntza ona eman izan digu.
E.S.: Jaietako diruagaz parra egiten dugu normalean, baina gauza pilo bat ere egin ditugu. Esaterako, gure eskuekin egindako bolatoki bat, gero aldundiak bota ziguna.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!