Webguneak euskaratzea, Amankomunazgoari esker

Anboto 2016ko uzt. 12a, 11:20

Euskaragaz lotutako diru-laguntzen partida onartu du Amankomunazgoak aho batez, eta bi helburu nagusi izango ditu: euskara sustatzeko ekintzak laguntzea eta komertzioen errotuluak eta webguneak euskaratzea. Laguntza horiek eskatzeko deialdi publikoa irailean egingo du eskualde mailako instituzioak.

Diruz lagunduko diren ekintzak Amankomunazgoko euskara zerbitzua dagoen herrietan garatu beharko dira: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria edo Zaldibarren. Egitasmoak kulturgintzan, informazioan, aisialdian edota familia bidezko transmisioaren esparruetan kokatu beharko dira, besteak beste. Partida osoa 15.000 eurokoa da.

Errotuluak eta webguneak euskaratzeko partidaren kasuan ere, euskara zerbitzua dagoen herrietara mugatuko da. 3.000 eurokoa da partida osoa. Gainera, diru-laguntza bateragarria izango da beste erakunde batzuek zeregin bererako ematen dutenagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!