Herria kantuan jarriko nuke, Amuriza banintza

Anboto 2016ko eka. 18a, 12:15

'Emaidazue freskura' kantaldia ospatu dute Plateruena kafe antzokian, Xabier Amurizari esker ona adierazteko ekitaldien barruan. 

Ekitaldi kultural hunkigarria bizi izan zen atzo Plateruenean. Hainbat musikari eta bertsolarik parte hartu zuten, Amurizaren letrak oinarri hartuta: Tapia eta Leturia, Leire Bilbao, Anje Duhalde, Igelaren Banda, Natxo de Felipe eta Anton Latxa, Maialen Lujanbio... Miren Amuriza alabaren kopla batzuek iragarri zuten amaiera. Gero, Xabier igo zen taula gainera, eta batez ere eskerrak eman zizkien antolatzaile eta entzuleei. Adierazi zuen berak ez zuela omenaldirik jaso gura, baina proposamena nondik zetorren ikusita baietza eman zuela. Durangaldeko bertso eskola ibili da ekitaldiak prestatzen.

Bere berbak hunkituta zabaldu ostean, ekitaldiko partaide guztiak igo ziren tabladura, Peru Magdalenak eta Gotzon Garaizabalek ekitaldian zehar sortutako muralaren ondora. Partaideek eta zaleek, batera, Mendian gora haritza kantatuz amaitu zen jaialdia.

Abesti horretan, Amurizak zioen mundua dantzan jarriko lukeela, Jainkoa balitza. Bada, atzo, herria kantuan jartzea lortu zuen Plateruenean. Plazei agur esan die, baina bere ondarea herrian geratuko da.

 

(Argazkiak: Beñat Romero )

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!