Durangaldeko 7 bertsolarik parte hartuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasean

Anboto 2016ko mai. 26a, 18:00
Getxon jokatu zuten, domekan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasearen azken saioa.

Joan zen domekan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasearen azken saioa, Getxon. Saio horretako emaitzekin batera, udazkenean hasiko den fase berrian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda ere eman du jakitera Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Durangaldeko zazpi bertsolari daude txapelketaren hurrengo faserako sailkatu direnen artean.

Udaberriko fasean bildutako puntuei esker lortu dute Udazkeneko faserako txartela Txaber Altube eta Aitor Bizkarra abadiñarrek, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak eta Beñat Romero zornotzarrak. Durangaldeko beste hiru bertsolari ere arituko dira, gainera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasean: lehenago finalista izan zirelako sailkatu dira Beñat Ugartetxea mallabiarra, Eneko Abasolo Abarkas iurretara, eta Miren Amuriza berriztarra.

Guztira, 30 bertsolarik parte hartuko dute bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izango dituen Udazkeneko fasean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!