Mas Curvas, 10 urtez Durangaldeko errepideak zeharkatuz motor gainean

Anboto 2016ko mai. 18a, 08:59

Datorren ekainean, 10 urte beteko ditu Durangoko Mas Curvas moto gidari elkarteak. Hamar urte hauetan, Durangaldeko moto gidariak batzen joan diren heinean, hainbat  ekitaldi prestatu dituzte urtero.

Hasieran, gutxi batzuk biltzen ziren moto kontzentrazioetara, lagun moduan, eta elkarte bat sortzeko asmoa piztu zitzaien orain dela hamar urte.  Durangaldean tabernaz-taberna ibiltzen ziren jendea biltzeko asmoz, eta, azkenean, elkartea sortu zuten. “Elkartea beharrezkoa zen kontzentrazioak aurrera eramateko, eta honekin batera, Aliendalde poligonoko lokala ere ireki genuen, bertan biltzeko asmoarekin”, dio Elvira presidenteak.

Batzuek utzi egin behar izan dute, eta orain 21 kide dira elkartean. Moto gidari gisa definitzen dute euren burua, eta errepideez eta paisaiaz gozatzera irtetea da euren helburu bakarra. “Geure artean antolatzen ditugu irteerak, eta beste talde batzuek antolatutako kontzentrazioetan ere hartzen dugu parte”, dio Elvirak.

Ekaineko bigarren asteburuan ospatzen da Mas Curvas elkartearen urteurrena. Apiril eta iraileko azken igandean  arrautzen irteera prestatzen dute.  Udako azken asteburuan gaueko martxa egiten dute eguzkiaren azken izpiekin abiatuta, eta gabonetan beste irteera bat egiten dute, jostailuak biltzeko.

Gaur egungo teknologiek erraztu egin die beste moto gidari batzuekin harremanetan jartzea. Whatsapp eta Facebook bidez ohartarazten dituzte elkartetik kanpoko gidariak euren irteetara batzeko. “Gaur egungo sare sozialek asko erraztu digute logistika arloa”, diote.

Errepideetako gidari lez, beste gidari askok duten jarrera kritikatzen dute, txirrindulariek egin bezala. “Handienaren legea inposatzen da errepideetan, eta bi gurpildun ibilgailuetan gabiltzanok ez dugu tratu ona jasotzen” salatzen du elkarteko presidenteak.

Bestalde, inguruko errepideen “egoera eskasa” aipatu du Elvirak. Zoruko zuloen eta bide-hesien kexu dira, eta bestelako segurtasun aktiboko elementuen falta ere nabarmendu dute. Hiriguneetan lurreko seinale asko desegoki margotuta daudela diote, eta horrek guztiak moto gidarien hainbat istripu eragin dituela.

Paisaiaz gozatzea helburu
Azken boladan abiadura handiak eragindako istripuek gora egin dutela-eta, Mas Curvas moto elkartetik mugimendu horretatik aldendu egin gura dute. “Badira azkar ibiltzea gustuko duten moto gidariak. Guk, ostera, pasaiaz eta errepideaz gozatu gura dugu, gure motorrak Harley eta Chopper estilokoak dira eta, ez azkar ibiltzekoak”, argitu gura izan du Elvirak.

Durangalde inguruan zirkuitu baten falta kritikatzen dute auto elkarte askok, eta Mas Curvasekoak ere ekimen honen aldekoak dira. “Adrenalina hustu gura duenak posible izango luke zirkuituan askatzea, eta, horrela, motozaleak ez lirateke errepideetan hain azkar ibiliko”.

Gidari askoren jarrera aldatu behar dela esanez bukatzen du  Elvirak:  “Motoak gozatzeko dira, beti ere errespetuagaz”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!