Berdintasunean oinarritutako ezgaitasun eguna ospatuko dute zapatuan

Anboto 2016ko mai. 17a, 12:54

Geu Beko kideek durangaldeko ezgaitasun eguneko egitarau zabala aurkeztu dute Berrizko udaletxean.

Berrizko udalaren laguntzarekin, Geu Be, Once, Rio de Oro eta Asebi elkarteek Durangaldeko ezgaitasun eguna antolatu dute maiatzaren 21erako. Zapatuan, Berrizko beste hainbat elkarteren laguntzarekin, jai handi bat egingo dutela adierazi dute Saioa Ortiz eta Lorea Celayeta Geu Beko kideek.

Berrizen, lehen aldiz egingo den jai honek, egitarau zabala izango du eta herriko hainbat elkartek beraien ikuskizunak eskaintzeko aukera izango dute. Orland Isoird Berrizko alkatearen hitzetan, "Berrizentzat hau ekimen garrantzitsua da eta oso pozgarria da, herriko talde ezberdinek, beraien aletxoa jarri nahi izatea". Bestalde, Geu Beko kideek gaineratu dute,  beraientzat jai hau berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak herritarrekin izateko toki aproposa dela.

Egitarau zabala

Ezgaitasun mundua, jendeari eta gizarteari hurbiltzeko asmoz egiten den jaialdi honetan, bazkari herrikoia egingo dute eguerdiko 14:30ean, herriko frontoian. Herri bazkariaz gain, txikientzako jolasak, Berrizko taldeen erakustaldiak, postre lehiaketa, bertso saioa, Sei Urte taldearen kontzertu akustikoa, txanda lasterketa, dantza tailerra, DJa eta taberna ibiltaria egongo dira zapatuan.

Jose Alfaro Geu Beko kidearen hitzetan, "Berrizko taldeak lan izugarria egiten dabiltza eguna ondo irten daiten". Gainera, inoizko partaidetzarik "handiena" batzea espero dutela adierazi du Alfarok, dagoeneko 362 pertsonak erosi baitiztute bazkarirako txartelak.

Ezgaitasun eguneko bazkarira joan nahi duenak, bihar arte izango du aukera txartelak erosteko 662 32 33 94 zenbakira deituta.

Egitaraua

11:00etan Txikienen Goiza (Olakueta Plazan)

13:00etan Berrizko Taldeen Erakustaldiak

14:30ean Bazkari Herrikoia (Herriko frontoian)

Ondoren: postre lehiaketa

16:00etan Bertso saioa, Berrizko Bertso Eskolaren eskutik

16:30ean Sei Urte (Akustikoan)

17:20an "Relevos Locos"

18:00etan Dantza Tailerra (Arkham)

18:20ean DJ Zirkin

20:00etan Taberna ibiltaria

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!