Begoña Martinez durangarra Espainiako txapeldun errekor berriagaz

Anboto 2016ko mai. 16a, 13:00

Beteranoen Espainiako txapelketan eta F-40 mailan Heptathlon proba irabazi du. Maila horretan estreinaldia zuen. Zazpi probetako puntuak batuta, aurreko errekorra xehatu du.

Begoña Martinez durangarra (Durango Kirol Taldea) urrezko domina bategaz eta urte askoan iraun dezakeen errekorragaz itzuli da Madrilen (Collado Villalba herrian) jokatu duen Espainiako txapelketatik. F-40 mailan estreinaldi ezinhobea izan du. Heptathlon probetan lortutako 4.340 puntuek lekutan utzi dute aurreko marka (3.582). Esaterako, 800 metrotan erakustaldia eskaini zuen 2.51.54ko denboragaz eta ordura arteko marka txikitu zuen.

Mendizabalek eta Muñoak domina bana

DKT taldeko beste atleta bi ere nabarmendu ziren, biak elorriarrak. Juan Jose Mendizabalek zilarrezko domina jantzi zuen jaurtiketen arloko Pentatlonean. Modalitate berean, Eva Muñoak brontzea irabazi zuen. Balio handiko domina da arerioen maila handia kontuan hartuta.  

Begoña Martinez urrezko dominagaz:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!