Gerediaga-Elorrio autobidea udarako martxan jarri nahi dute

Anboto 2016ko mai. 6a, 13:13

AP-8 autobidea eta Elorrioko sahiesbidea lotzen dituen 6,4 kilometroko autobidea udarako martxan jarri nahi dutela adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak.

Doakoa izango den errepide honek, Muntsaratzen N-636 errepidearekin lotura izango du, eta horrela, Abadiñotik eta Atxondotik autobide berrira sarbidea ahalbidetuko du. Errepide berri honek, N-636tik 12.000 auto eta 1.800 kamioi desbideratzea eta hauei segurtasuna bermatzea helburu duela adierazi du Rementeriak. Gainera, eskualdeko herrietan ere trafiko gutxiago egongo denez, segurtasuna "handiagoa" izango dela gaineratu du.

Ahaldun nagusiaren hitzetan, obra hau martxan jartzea "oso garrantzitsua" da, eskualdeari "onura handiak" emango dizkiolako. Baina, segurtasun froga guztiak egin eta dena "ondo" dagoela jakin arte ez dutela zabalduko aitortu du Rementeriak.

Durango eta Beasain elkartzea helburu duen Gerediaga-Elorrio zatia egiteko 340 enpresa eta 2000 langile aritu direla adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak. Eta gaineratu du, lan honekin argi ikus daitekela Durangaldearen "alde" lan egiten dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!