Zelan ikusten dute saltokiak eraikitzeko plana merkatariek?

Anboto 2016ko api. 29a, 11:02

Abadiñoko eta Durangoko hainbat merkatarik beraien iritzia eman dute Mercadona eta Lidl saltokiak eraikitzeko planaren inguruan.

“Merkataritza txikia bereari eusten arduratu behar da”

  Txema Alberdi (Alberdi Harategia)

Zer deritzozu Abadiñon merkataritza-gune berria zabaltzeari?
Ez nuke esango kontra nagoenik. Esango nuke lehia handiagoa izango dela gaur egun dauden merkataritza-guneen eta ireki gura dituzten berrien artean, komertzio txikiekin baino. Jendea badoa dagoeneko merkataritza-gune handietara. Ohitura hori orain ere badago. Horiek aukera gehiago izango dituzte orain. Jendea Burgoseraino joaten da-eta Mercadonara! Edozein kasutan, merkataritza txikia bereari eusten arduratu behar da, handiak eurenagaz arduratuko dira-eta.

Zein eragin izan dezake?
Merkataritza txikian eragina izan dezake, ez diot ezetzik. Hala ere, guk bertoko kalitatezko produktuak eskaintzen ditugu, eta orokorrean, badakite horren aldea estimatzen.

 

“Apurka-apurka dendak zarratzen dabiltzala begi-bistakoa da”

Rosi Onaindia (Mendi arropa-denda)

Mercadona eta Lidl Abadiñora etortzearen aldekoa zara?
Merkataritza-gune handien kontra nago. Txikiei laguntza handiagoa eman beharko litzaieke.

Proiektuaren alde daudenek lanpostuak sortuko direla diote.
Hori esaten dute, bai. Hasieran lanpostuak sortzen dituzte, baina lan baldintzak ez dira batere onak.

Irekierak zein eragin izan dezake Durangaldean?
Apurka-apurka dendak zarratzen dabiltzala begi-bistakoa da. Esate baterako, San Inazio auzunean denda guztiak itxita daude, lehen komertzio asko zegoen lekua izanda. Orain, gazte koadrilek dituzte alokatuta. Hemendik aurrera, aukera gutxi daude dendak zabaltzeko eta aurrera egiteko. Komertzio bakoitzean pertsona bat egoten da, eta horrela zaila da.

 

“Argi daukat, proiektu hauek herria hiltzea lortuko dute”

Maria Barato (Arriaundi okindegia)

Zer iruditzen zaizu Lidl eta Mercadonaren etorrera?
Herria hiltzea gura badute, bidea aproposa dela uste dut. Argi dago, hasieran, supermerkatu bi horiek herritarrentzat nobedadea izango direla, beraz, gure denda txikientzat inpaktua handia izango da. Hala ere, espero dugu herriko  jendeak komertzio txikiok dugun kalitatea kontuan hartzea, eta beraiekin dugun hurbileko harreman hori baloratzea. Azken batean, guk harreman estua dugu bezeroekin, eta beste komertzioek ez dute horrelakorik eskainiko.

Zuen komertzioan zer eragin edukiko lukete?
Beste supermerkatuekin igarri dugun bezala, jendeak merkeenera joko duela argi daukagu. Hala ere, ogia egunerokoa denez, eta jende askok oraindik kalitateari begiratzen dionez, hori mantentzea espero dugu.

 

“Supermerkatu berrien irekierak ez du onurarik ekarriko gure ingurura”

Julen Arriaga (Atxa burdindegia)

Zer iruditzen zaizu Abadiñon supermerkatu gehiago ireki gura izatea?
Argi daukat supermerkatu horien irekierak ezin duela eragin onik izan Abadiñon, ezta inguruko herrietan ere. Inpresioa dut horrekin Barakaldon dagoen bezalako gune bat sortzeko asmoa dutela, eta horrek ez dio onunarik ekarri behar, ez gure herriari ezta gure komertzioei ere. Geure buruari galdetu beharko genioke zer herri eredu gura dugun, eta ze herri eredutara goazen. Honek ez dauka-eta amaiera onik.

Hainbat komertzio handik ateak ireki dituzte Durangaldean azken urteetan. Zelan eragin dizuete?
Guk, Aki ireki zutenean, asko igarri genuen. Hala ere, konturatu gara betiko bezeroek guregana etortzen jarraitzen dutela. Beraz, espero dugu herria bizirik mantentzeko jendeak komertzio txikiei bultzada ematen jarraitzea.

 

“Norbaitek pentsatu al du galduko diren lanpostuetan? ”

Lali Salinas (Caribu arropa-denda)

Zer iruditzen zaizu Lidl eta Mercadona Abadiñon zabaldu gura izatea?
Ez zait ondo iruditzen. Honekin lortu behar duten bakarra mundu guztia supermerkatu horietara mugitzea da.  Horrela, inguruko herriak hutsik geratuko dira. Gobernu taldekoen hitzetan, honek lanpostuak sortuko ditu. Baina, norbaitek pentsatu al du galduko diren lanpostuetan? Nolako lanpostuak izango dira sortuko diren horiek?  

Zure komertzioan zer eragin eduki lezakete?
Arropa-denda bat izanda, ez dut uste modu zuzenean eraginik izango dutenik. Nire inguruko merkatariak ditut gogoan, beraz, supermerkatu hauek zabaltzea bidegabekeria dela iruditzen zait. Gainera, ez nuke gura eguneroko gauzak erosteko supermerkatu handi batera joan behar izatea.

 

“Supermerkatuak badagoz dagoeneko; alde horretatik nahiko konpleto gaude”

Karmele Eguren (Eguren etxetresnak)

Zer iruditzen zaizu Mercadona eta Lidl-en etorrera?
Guri kalte egingo digula uste dut. Lanpostuak sortuko dituela diote, hori saltzen dute, baina aztertu egin beharko litzateke zer kalitate eta zer baldintzatako lanpostuak diren. Bestalde, herriko komertzioekin zer gertatzen den ikusi beharko da. Gainera, supermerkatuak badaude dagoeneko. Alde horretatik, nahiko konpleto gaudela esango nuke. Eta berrien etorrerak orain daudenei ere eragin dakieke.

Zer egin daiteke komertzio eredu bien arteko talka horren aurrean?
Ez da erraza, baina hau dena baimentzen dutenek beti diote gure alde daudela, baina, gero, justu kontrakoa egiten dute. Azken batean, honako galdera honi erantzun behar diogu: zelako herria gura dugu?

 

“Hogei urtetik hona gertatzen ari den guztia bazetorrela ikusten zen”

Tomas Bordes (Merkatu Plazako arrandegia)

Zer iruditzen zaizu supermerkatu berriei atea irekitzea?
Inpaktu handia izango duen zerbait da eta, oro har, denei eragingo diela uste dut; komertzio txikiei, baina baita euren artekoei ere. Hala ere, komertzio txikia izango da gehien igarriko duena. Baina, tira, orain 20 urtetik hona gertatzen ari den guztia bazetorrela ikusten zen. Frantziara eta Alemaniara bazoaz, herriguneetan ez dago ezer. Baina gauzak sekula ez dira egiten egin behar direnean. Orain berandu dela uste dut.

Merkatu Plazak salerosketak egiteko nukleo propio bat osatzen du Durangon.  
Bai, baina guk ere, apurka, igarri egingo dugula uste dut. Gero, faktore ezberdinek eragiten dute. Esaterako, Durangoko Alde Zaharrean ezin daiteke edonor sartu kotxeagaz, eta horrek beste traba bat sortzen du.

 

“Plataforma bat sortzen gabiltza, eta herritarrak gonbidatuta daude”

Goretti Galan (Dendaria)

Dendari lez, zelan ikusten duzu proiektua?
Merkatari moduan, nire ustez, ez da ona. Ez bakarrik Abadiñorako, baita Durangalde osorako ere. Herri txiki asko gara, eta, nire ustez, denetan igartzen da. Jendearen aldetik, ulertzen dut; erosoa da. Baina, bestaldetik, herria hiltzen dabil astiro-astiro. Ez dut gura horrelako herri bat, ez dut Barakaldo txiki bat gura hemen. Gainera, Mercadonak ez du hemengo ezer saltzen, eta dirua ez da bertan geratzen.

Zer deritzozu udalaren jarrerari?
Abadiñoko etxe batzuk egiteko egundoko arazoak egon ziren, eta orain, aldaketa bat egun batetik bestera? Zer gura du udalak honegaz, dirua hartu? Zer intentzio dago atzetik? Alkateak guztia atzetik egin du. Proiektuaren aurka plataforma bat sortzen gabiltza, eta herritarrak ere gonbidatuta daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!