Etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dute Durangon

Anboto 2016ko api. 28a, 09:02

Apirilaren 30ean etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egingo dute, Durangaldeko Zabalduko ditugu! gazte dinamikako kideek deituta. 19:30erako iragarri dute mobilizazioaren hasiera, Andra Maritik.

Azaldu dute gazteek “ia ezinezkoa” dutela gurasoen etxetik irten eta norbere kabuz bizitzea, eta “gehienak langabezian edo lan prekarioekin” egonda, ez direla ezarritako alokairuak ordaintzera heltzen. Horren erakusgarri lez aipatu dute, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 30 urtekoa dela emantzipatzeko batez besteko adina.

Durangon 1.576 etxe huts daudela salatu dute, eta udalaren alokairu programak “ez du arazoa konpontzen” euren ustez, baldintza lez ipintzen den gutxieneko errentara ez direlako heltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!