"Fisikoa bezain garrantzitsuak dira entrenamendu psikikoa eta animikoa"

Anboto 2016ko api. 23a, 10:00

Bizitzan hainbat ezbehar gainditu ondoren, coach munduan murgildu da Lain Garcia Bartzelonako gaztea.

Hamabost urtegaz itolarria eragiten zion gaitza diagnostikatu ziotenean, mundua gainera erori zitzaion. Igerilari izatea ametsa zuen Bartzelonako gazteak bere onena atera zuen aurrera irteteko. Zazpi urtez Espainiako selekzioagaz Europako igeriketa txapelketetan parte hartu ondoren, bizitzari aldaketa bat eman zion bere motibazio eta barne indarra besteei erakusteko ‘La voz de tu alma’ bestseller-a kaleratuz.

Hamabost urte zenituenean, zer sentitu zenuen horrelako gaixotasun baten berri izan zenuenean?
6 urte nituenetik aritu naiz igeriketan, astegunetan hiru entrenamendu  saio eginez. Hamabi kilometro inguru, eta asteburuetan, txapelketak. Kataluniako txapelduna nintzen eta Espainiako txapelketan podiumean nengoen. 15 urtegaz nekatuta sentitzen nintzen. Medikuarengana joan, eta fibromialgia neukala esan zidan. Gaitz honentzat ez zegoen sendagairik. Kirola eta eskola utzi nituen. 6 hilabetez ez nuen ezer egin.

Zelan irten zinen ahulgune horretatik?
Depresio egoeran nengoen. Ezintasun hari amaiera eman behar nion, eta estualdi horretatik irten. Gurasoei esan nien Espainiako txapelduna izan nahi nuela, eta hori lortzeko egin ahal nuen guztia egingo nuela. Gertatu zitzaidanari buruz ez mintzatzeko eskatu nien lagunei, eta hori egiten zuenak nire bizitzatik alde egingo zuela. Entrenatzaileari ere esan nion horixe zela nire helburu bakarra. Urte eta erdi igaro ostean, Espainiako txapelduna nintzen. 50 metroko estilo libreko eta tximeletako finalak irabazi nituen.

Behin Espainiako txapeldun izatera heldu zinenean, helburu handiago bat bilatu zenuen.
Bai. Europako txapelketetan parte hartu nuen, eta lehen zortzien barruan amaitu nuen. Espainiako taldeagaz zazpi urte eman nituen nazioarteko mailan. Espainiako txapelketetan ere urrezko domina gehiago lortu nituen. Azkenean, gaixotasunari gailendu nintzaion, eta horixe izan zen lortu nezakeen txapelketarik politena. Beste era batera planteatu behar nuen bizitza; azkenean, erronka agertu arte ez dugu gure onena ematen eta aukerarik onena hautatzen.

Noiz bururatu zitzaizun liburu bat argitaratzea zure esperientzia pertsonala beste pertsonekin partekatzeko?
Azkenean, esperientziaz baliatzen gara. Bizitzan izan ditugun momentu txar guztiak dira aurrera egiten laguntzen digutenak, horiek baitira aldaketa ahalbidetzen dutenak. Bestalde, garrantzitsua da gure erronkak besteei ere kontatzea. Nire kasuan, behin erronka gaindituta, besteei laguntzea izan da betidanik nire asmoa, eurek ere aurrera egin dezaten. Horretarako, nire bizipenak kontatzen zituen liburua prestatu nuen. Bestalde, munduko coach hoberenen kurtsoak egin nituen, gerora nik ere lagundu ahal izateko.

Eta zertan oinarritzen da coaching-a?
Coaching-a, funtsean, pertsona jakin bati egiten zaizkion galderak dira, gogoeten bidez hobera egin dezan. Nire kasuan, trainertzat hartzen dut neure burua, galderen ordez esperientziak kontatzen baitizkiet pertsonei,  horietatik zerbait ikas dezaten. Nire liburu guztiak oso
praktikoak dira, irakurtzeaz gain jendea aldaketara bideratuko duten ekintzak jorratzen baitituzte. Azken finean, eragile lana egiten dute.

‘La voz de tu alma’ zure lehen liburua bestseller bihurtu da oso denbora gutxian. Jendearen erantzun hori espero zenuen?
Egia esanda, bai, eta oraindik askoz hobea espero dut. Idazten hasi nintzenean, zailtasunak aurkitu nituen. Bizitzan ere, zeozer ezberdina hasten dugunean, hainbat traba agertzen dira. Ez zegoen argitaletxerik liburua argitaratu nahi zuena. Baina nire ametsa hau aurrera ateratzea zen. Horrexegatik, neuk finantziatu nuen tirada osoa, eta horrela, pixkanaka hasi zen ametsa, bestseller bihurtu da. Gaur egun, 100.000 liburutik gora kaleratu ditut.

Kirola alde batera utzi, eta arlo globalago batera egin zenuen salto?
Kirolak oinarri asko eman zizkidan. Baina bertatik irteteak ere perspektiba eman zidan, bertan oinarritzen baita bizitzaren funtsa. Azken batean, berdinak dira kirolean urrezko domina bat lortzeko printzipioak, enpresa bat aurrera ateratzekoak edo gure bikotekidearekin harreman ona izatekoak.

Azken urteetan, coaching-ak gorakada handia izan du. Zertan ezberdintzen zarete coach profesionalak?
Ezer ez dagoenez erregulatuta, badira aste beteko ikastaroak coaching titulua lortzeko. Azken finean, baina, coaching-a esperientzietatik ikastea da, eta hauek oso pertsonalak izaten dira. Erakutsi beharrekoa metodoa da, gero gure arazoetara aplikatuko duguna. Nik munduko coach onenen formazioa jaso nuen, beste perspektiba bat hartzeko. Uda honetan  Las Vegasen izan naiz, ekonomia munduko pertsona aberatsengandik ikasteko. Diru asko inbertitu dut, baina jaso ditudan oinarriak funtsezkoak zaizkit gero nik irakasten dudan metodorako.

Kirolaren kasuan, arlo psikologikoari behar besteko garrantzia ematen zaio?
Ez, bigarren maila batean dago. Kirolak erakutsi didan gauzetako bat da oso antzeko bi kirolari hartzen badituzu —biek prestaketa fisiko berdina egiten dutenak eta entrenatzaile bera dutenak— emaitzak oso ezberdinak izan daitezkeela bietako batek baino ez badu lantzen arlo psikologikoa. Goi mailako kirolean, garaipenaren %90 arlo psikologikoan dago, hau da, gestio emozionalean. Beraz, formakuntza mailetan askoz gehiago sakondu beharko genuke aspektu psikologikoan.

Asteon, Rafael Nadalek torneo bat irabazi du denbora luzez irabazi barik egon ostean, eta bere poztasuna funtsezkoa izan zaiola adierazi du. Zer eragin dauka poztasunak kirolean?
Garaipena emozioen kontrolean dago. Azkenean, kirolari guztien arrakastan arlo psikologikoak dauka eraginik handiena. Dena irabazi duen tenislaria izan arren, denbora asko ibili da Nadal bere jokoaz gozatu gabe, eta horrela ezinezkoa zitzaion partiduak aurrera ateratzea. Orain bere emozioak berreskuratu dituela, mailarik gorenera itzuli da berriz ere. Kirolari guztiekin pasatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!