Apaletatik kalera aterako dituzte liburuak, Durangon eta Elorrion

Anboto 2016ko api. 22a, 12:11

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, askotariko ekintzak antolatu dituzte Durangaldeko kultur etxe, liburutegi eta liburu-dendek.

Durangoko Arteka, Urrike eta Hitz liburu-dendek, esaterako, euren dendetako apaletatik kalera aterako dituzte liburuak: Andra Mariko elizpean egongo dira, bihar, 16:00etatik aurrera, eta deskontu bereziak ezezik, lore bana ere emango diete opari erosketaren bat egiten dutenei. Tailerrak eta ipuin kontalaritza saioa ere eskainiko dituzte hiru liburu-dendek, elkarlanean

Eskulan tailer bategaz eta ipuin kontalaritza saio bategaz ospatuko dute Liburuaren Nazioarteko Eguna, Berrizen: pertsonaia mitologikoen txotxongiloak egingo dituzte, bihar, 17:00etan, eta 19:00etan hasiko da ipuin kontalaritza saioa.

Elorrion, Oihana Etxegibelen ipuin kontalaritza saioa izango da umeen liburutegian: 17:00etan, hiru eta bost urte artekoentzat arituko da; 17:30ean, sei eta bederatzi urte artekoentzat.

Liburuak kalera
Elorrion eta Durangon, book- crossing delako ekimena burutuko dute, Liburuaren Egunaren harira. Elorrion, 25 liburu aterako dituzte Liburutegitik, eta herriko hainbat lekutan utziko dituzte, herritarrek irakurri ondoren, beste norbaiten eskura uzteko, berriro kalera bueltatu ditzaten.

Durangoko Liburutegian ere beste horrenbeste egingo dute, eta parte hartu gura duten guztiei egin diete proposamena, kalean utziko duten liburua www.bookcrossing.com webgunean erregistratu eta parte hartzeko.

Liburuaren Egunaren harira Elorrion antolatu duten programazioa amaitzeko, irakurle kluben hitzorduak izango dituzte, apirilaren 27an. Euskarazko irakurle klubekoek Karmele Jaioren Orain hilak ditugu liburua hartuko dute ahotan. Gaztelaniazko irakurle klubean parte hartzen duten literaturzaleek, bestalde, Irati Jimenez idazlearen bisita jasoko dute, Nora bere liburuaz aritzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!