"Ez dituzte Turkiara eroaten, baina Europara joaten ere ez diete uzten"

Anboto 2016ko api. 22a, 10:30
Juan Atxutegi erreskate lanetan dabil Chiosen (Grezia)

Chiosen (Grezia) lanean ari da Salvamento Maritimo Humanitario GKEa. Larrialdietako profesionalak dira bertan boluntario dabiltzanak: 20 eguneko egonaldiak egiten dituzte, 6-7 laguneko taldeetan. Etorri berri da Juan Atxutegi, eta aurrez aurre ezagutu du han bizi duten drama. 24 orduko guardiak egiten dituzte, eta bertan dauden beste boluntarioei formazioa ere ematen diete.

Milaka pertsona heldu dira Chiosera gerratik ihesi.
Gatazka humanitario erraldoia da han gertatzen ari dena. Heriotzetik, gerratik, gosetik... ihesean daude Chiosen milaka pertsona, eta, Europako atera iristean, lau metroko alanbre-hesia eta Frontexa (Europako Batasuneko mugen zaintzarako  agentzia)  topatu dituzte.

Mugak itxiz eta errefuxiatuak atxilotuz erantzun du Europak.
Bai. Chios eta Turkia arteko kanalean inor itota ez hiltzea dugu eginkizun nagusia, eta, horretarako, erreskate ontzi bat dugu. Chios Turkiatik zazpi kilometrora dago, eta, egunero 20-30 dingi (gomazko ontziak) pasatu izan dira; 50-70 lagunekin bakoitza. Erreskate azpiegiturarik ez zegoen, eta Greziako gobernuagaz eta Frontexagaz berba egin ostean joan ginen, udazkenean. Izan dira 600-700 lagun jaso ditugun egunak. Iristean beste hainbat arazo zegoela ikusi genuen.

Zeintzuk?
Osasun arazo larriak. Urte  eta erdian, 160.000 errefuxiatu heldu dira, eta osasun azpiegiturarik ez dago. Larrialdiko osasun arreta emateko bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia dugu.

Turkiako ituna sinatu ondoren, egoera aldatu egin da?
Asko handitu dira Frontexaren baliabideak; Europak itsasontzi piloa mugitu du Turkiako mugara. Ontzi militarrak, polizialak dira, eta beraien eginkizun nagusia ez da erreskatea, baina errefuxiatu ontzi gutxiago etortzea eragin du. Datozenek bide arriskutsuagoak erabiltzen dituzte, eta gauean datoz. Batez ere, gauez egiten dugu lan guk. Portu seguru batera eraman, eta osasun arreta ematen diegu.

Arazoak asko aldatu dira?
Itsasoan mugimendu gutxiago dago: egunero bizpahiru txalupa heltzen dira. Baina, lurreko lana eta lan sanitarioa asko handitu da. Orain arte, Chiosen bizpahiru egun egiten zituzten errefuxiatuek, Atenasera edo Europako beste herrialderen batera bidea hasi aurretik. Orain, ezin dira bertatik mugitu. Ia-ia atxilotuta daude. Egunetik egunera handituz doa irletako jende kopurua. Horrek osasun arazo handiagoak sortu ditu, eta anbulantziak gero eta lan gehiago du.

Greziako irlak kartzela  bihurtu dira? Lesbos da ezagunena.
Lesbos da inguruko irlarik handiena, eta errefuxiatu fluxurik handiena jaso du; %60 inguru. Baina, Turkiako kostaren aurrealdean dauden Greziako 5-6 irletara sartzen saiatzen dira.

Baina, ezin dira Greziatik irten.
Turkiako itunaren aplikazioa oso zaila da. Ez dituzte Turkiara eroaten, baina Europara joaten ere ez diete uzten. Muga eta harresi asko eraiki da. Europako krisia zena Greziako krisi bihurtu da. Atenasetik Pireoko porturako bide ertzetan milaka pertsona daude. Irletara heltzen direnak han gelditzen dira. Chiosen inoiz baino errefuxiatu gehiago daude, eta gehiago izango dira, egunero bizpahiru ontzi iristen badira; astean, 200-300 lagun gehiago dira. Asiloa eskatzen dute gehienek, baina, askok euren egoera zein den ere ez dakite, zein aukera dituzten.

Baina etortzen jarraitzen dute.                                                                                                        Bai. Turkiako itunaz galdetuta, horren berri badutela erantzuten dizute, baina saiatu beharra dutela. Ez dutela beste aukerarik, atzean ez dutela ezer uzten. Ez dutela nora bueltatu.

Zer deritzozu Turkiako itunari?
Arazoak dirauen bitartean, han egongo gara. Zentzu horretan, egoera ez da aldatu. Ikuspuntu pertsonaletik, berriz, uste dut ez dela giza-hitzarmen bat. Pertsonak pertsona lez baino, merkantzia lez tratatzen ditugu. Europar lez bestelako erantzuna ematea gustatuko litzaidake.

Nola bizi duzu errefuxiatuekin duzun harreman zuzen hori?
Zaila da. Itsasoan edo kostan aurkitzean, ‘welcome’ esaten diegu. Bestelakoa da, baina, errealitatea. Europak ez die ongietorria ematen. Europar lez, gutxienez, lotsa sentitu dut. Harremanak sortzean lotsa sentitzen duzu, euren eskarietarako erantzunik ez duzulako. Gure esparruan, laguntzen saiatzen gara, ahalik eta erantzun gizatiarrena ematen.

Nola bizi dute egoera beraiek?
Milaka dira, egoera oso desberdinetan (bakarrik datozenak, familia osoak, Europan familia dutenak...). Itxaropen handiagaz datoz batzuk, eta jota beste batzuk. Milioika dira Afganistan, Siria, Pakistan, Iraketik... egoera oso latzetatik ihesi datozenak. Umeena da aurpegirik latzena. Piloa daude. Atxilo-zentroetan daude asko, familiekin.

Sorosle, erreskate patruila, mediku, erizain... osatzen dute Chiosen ari den boluntario taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!