Amankomunazgoak elkarteentzako diru poltsa handitu du

Anboto 2016ko api. 22a, 12:55

Amankomunazgoak badauka 2016rako aurrekontua. Aurretik iragarrita zegoen lez, EAJk ez du babestu aurrekontu proposamena, ezta AIk ere, baina EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen botoak aurrera egiteko nahikoa izan dira.

Elkarte sozialei eskaintzen dien laguntza handitu egin du Amankomunazgoak, 38.000 eurotik 50.000ra, hain zuzen ere. Diru-laguntza horiek ez dira izendatuak izango, lehiaketa publikora aterako dituzte. Hori izan da EAJren arrazoietako bat aurrekontu proposamenari ezetza emateko. Goiztidi Diazen ustez, orain arte laguntza jaso duten elkarteek, aurten "ez dute bermatuta" dirua jasotzea, Durangoko Herria auzo elkartea kasu: "Diru-laguntza kendu egingo zaie". Endika Jaiok, EH Bilduren izenean, poltsa handitu dela eta Diazek esandakoa "gezur borobila" dela dio, baita "prozedura gardenagoa" dela ere. Gainera, elkarteen izenak publikoki erabiltzea larria iruditu zaio Jaiori.

EH Bildu eta Herriaren Eskubideko kideen ustez, "gizarte zerbitzuak lehentasun" dira Amankomunazgoko aurrekontuan. Krisiak handitu egin du gizarte zerbitzuen eskaria, eta horregatik, langile bat gehiago hartuko dute lanerako. Bestalde, Neguko aterpetxea indartuko dute, eta zaborrak batzeko sistema ere hobetu gura dute. Julia Pererak (HE), besteak beste, garrantzia berezia eman dio indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako zerbitzu juridikoa Amankomunazgoak eskaintzeari; Aldundiaren ardura da, baina uneotan ez du ematen eta Amankomunazgoak erabaki du ezin dela zerbitzua eten.

Tentsioa nabari
Alderdien arteko tentsioa irudikatu da eztabaidan. Diazek bestelako ekarpenak ere egin ditu, ezezko botoa arrazoitzeko. Jaioren esanetan, EAJk egindako lau proposamenetatik hiru onartu egin zituzten ekarpen fasean, baina joan zen barikuan bestelako eskaera batzuk mahai-gaineratu izana kritikatu dio.

Amankomunazgoaren aldarrikapena
Aitor Lopez presidenteak, "Amankomunazgoak eskualdearen garapenerako eta ongizaterako duen garrantzia" aldarrikatu du sarrerako berbaldian. Gainera, Amankomunazgoko beharginen lana ere eskertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!