"Genozidioa munduan zehar kontatzea gura dute kurduek"

Anboto 2016ko api. 15a, 10:13
Durangaldeko lau lagunak, besteak beste, hildakoen amekin

Kontrakoa dirudien arren, Turkiako partera joan diren Durangaldeko lagunek Sirian baino gatazka handiagoa topatu dute.  Newroz ospakizunera joandako euskal delegazioan parte hartu dute. Gorka Zuazua durangarra, eta Humberto Trapero, Eduardo Eizarzugaza eta Egoitz Uriarte otxandiarrak izan dira.

Bakur deitzen da Turkiaren menpe dagoen Kurdistango lurralde hori. Trapero eta Eizarzugaza iaz ere egon ziren. “Autonomia demokratikoak aldarrikatzen hasi zireneko sasoia zen. Kalean, herritarrak lubakiak egiten ikusi genituen. Orain, Turkiako armadak egindakoa ikusi dugu”, esan du Eizarzugazak.  Diyarbakirrenko (Amed, kurdueraz) hegoaldeko auzoa setiatuta ikusi dute. “Hegoaldera pasatzeko checkpoint (kontrol-puntu) bat igaro behar zen, eta guk han geneukan hotela”, azaldu du Zuazuak. Gainera, frankotiratzaileak zeuden teilatuetan. Euren arabera, eraikin asko suntsituta zeuden, eta hondakinekin batera gorpuak jaso eta Tigris ibaira botatzen zituztela salatu zuten hildako umeen senideek. Trapero: “Hoteletik ikusten genituen kamioiak, eta ulertu genuen senideek esaten zutena egia zela.”

HDP alderdiak lagunduta, batzar erronda egin dute. Newroz jaia Diyarbakirren eta Batmanen ospatu zuten, eta Uriartek esan du Batmaneko ekitaldia debekatuta zegoela: “Hiri kanpoaldeko gasolindegi baten inguruan geratu ginen delegazioetakoak. Poliziak segituan hasi ziren kargatzen”. Sei hilez setiatuta egon den Cizre hirira ere joan gura zuten, baina ez zieten sartzen utzi. Hildako ugari egon dela diote. Bestalde, errefuxiatuen kanpamentuak bisitatu dituzte, eta, gerora, eskolak eraikitzen laguntzeko asmoa dute. Antolaketa mailan, feminismoa eta aniztasuna nabarmendu ditu Uriartek.

“Blokeo informatiboa” apurtu gura dutela dio Traperok: “Kurduek ere, gertatzen ari den genozidioa munduan zehar kontatzea gura dute”. Hilaren 23an, Durangoko Sapuetxen kontatuko dute esperientzia, 17:00etan. Etzi berbaldia egongo da, leku berean, 18:30ean, emakume kurduen inguruan. 22an, 18:30ean, bideo-emanaldia egingo dute.

  Newroz jaia Diyarbakirren eta Batmanen ospatu zuten

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!