Presoen etxeratzea eskatuko dute gaur, Elorrion, eta 20an, Badajozen

Anboto 2016ko ots. 5a, 13:40
Ezker Abertzaleak deitutako martxak babestu dituzten herritarrak, eguaztenean, Abadiñon

Puerto de Santa Mariako (Andaluzia, Espainia) kartzelan Arkaitz Bellon elorriarra hil zenetik bi urte bete dira, gaur. Urteurren horren harira, manifestazioa egingo dute gaur, Elorrion, 19:30ean, plazatik hasita. Espetxe politika kriminalari stop lelopean egingo dute, eta Bellonen heriotzaz gain, duela 19 urte Alcalá Mecon (Madril, Espainia) hildako Jose Mari Aranzamendi Katxue ere izango dute gogoan: “Hil zituen espetxe politika oraindik indarrean dirauen berbera da, hiltzailea eta kriminala”, esan dute deitzaileek.


20an, Badajozera martxa
Ez da presoen etxeratzea eskatzeko hurrengo egunetan egingo den mobilizazio bakarra izango.  Izan ere, Ezker Abertzaleak kartzeletara martxak deitu ditu otsailaren 20rako, eta Durangaldetik Badajozera eta Puertora joateko deia egin dute. Eguaztenean, San Blas egunez, hainbat herritarrek deialdi hori babestu zuten, argazki bat aterata.

‘Abian’ prozesuaren baitan
Ezker Abertzalea Abian prozesuan murgilduta dago, eta presoek eztabaidan “behar bezala” parte hartu ahal izatea ere eskatuko dute martxetan. Orain arte entzute-fasean egon dira, eta eskualdeko 500 lagunek parte hartu dutela esan dute. Laster hasiko dira eztabaidak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!