"Behargintza ez dute kontuan hartu Autoenplegu programa martxan jartzeko"

Anboto 2016ko ots. 4a, 12:04

Martitzenean EAJk eta PSE-EEk Aldundiagaz batera autoenplegurako programa aurkeztu eta gero, EH Bildu eta Ahal Duguk prentsaurrekoa eman dute gaur. Horrela, alderdien eta instituzioen arteko polemika azaleratu da. Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak (EHB) azaldu du Aldundia eta udalen arteko aurkezpen batzar batera ez zutela gonbidatu, eta gero, planaren aurkezpena EAJ eta PSE-EEren prentsaurrekoagaz egin izana ere salatu du.

"Behargintza ez dute kontuan hartu Autoenplegu programa martxan jartzeko", esan du Lopezek. Horregatik,  programak "ez dauka eskualde ikuspegirik", bere ustetan. Galdetu barik, laguntza kopuruak herrika banatu izana kritikatu dio Aldundiari. "Mañariari laguntza bat dagokio. Zer gertatzen da hiru eskaera badira? Eta eskaerarik ez badago?". Gainera, programa Aldundiaren menpeko DEMA agentziatik gestionatuko denez, "bikoizketa" kasu bat dela uste du Lopezek, eta Behargintza "edukiz husteko" saiakera bat ere bai.

Edozelan ere, Durango eta Abadiño izan ezik, gainerako herriak Amankomunazgoagaz batu dira, "proiektua martxan jartzea errazteko".

"Alderdi interesak aurretik"
Neskutz Rodriguez Ahal-Duguko batzarkideak EAJ eta PSE-EEren gobernu akordioa salatu du, eta aste honetakoa horren "kapitulu bat gehiago" dela dio: "Akordioa herritarren kalterako da, euren alderdi interesak aurretik jartzen dituztelako".

75etik, 11
Bihar amaitzen da programan izena emateko epea. Durangon, martitzenean, hamar zeuden izena emanda, eta Behargintzan, gaur, bakarra. Aurreikusitako 75 laguntzetatik urrun, beraz.

Herritarrek Behargintzara jo behar dute apuntatzera, baina Abadiñon eta Durangon ere eman ahal da izena. Durangon Lariz Torren dago lekua, Durango Eraikitzen enpresa publikoaren bulegoan. Eider Uribe zinegotzi durangarrarentzat, "larria" da udal gobernuaren jarrera: "Arinkeriaz jokatzea da programa honen informazioa ondarea eta etxebizitza arloa kudeatzen dituen enpresa baten gain uztea, enpresa sorkuntzarako zerbitzua mankomunatuta duzunean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!