Han elorriarren eta Liberen musikak, Plateruenean, zapatuan

Anboto 2016ko urt. 28a, 13:39

Urrian kaleratutako diskoko kantak joko ditu Hanek, eta aurreratu dutenez, Platerueneko kontzertuan kolaborazio bereziren bat ere egongo da. Libe musikari gasteiztarrak birako azken aurreko kontzertua eskainiko du aurretik. 22:30ean hasiko da lehen kontzertu hori.

2014. urtean kaleratu zuen Ihesaldi handia bakarkako lehenengo diskoaren aurkezpen birako azken aurreko kontzertua eskainiko du Libe musikari gasteiztarrak, Plateruenean, zapatuan. Durangokoaren ostean, Gasteizko kontzertuagaz emango du bira hori amaitutzat.

Izaki Gardenak taldeko kidea da Libe, eta, bakarkako bidea abiatu aurretik, beste hainbat taldetan ere parte hartu du: Neubat, Sorkun, Ekon edo Brontze taldeetan aritu izan da.

Platerueneko biharko kartela Libegaz partekatzen duen Han taldeko kideak ere eskarmentu handikoak dira. Elorrioko Ama Say, Las Ratas, Mokaua, Non Demontre, Antton, Yakuzi, edo Tunnel 483 taldeetan ibilitakoak, besteak beste.

Urri amaieran kaleratu zuen lehenengo diskoa Han laukoteak. Taldearen izena du disko horrek, eta bederatzi kanta biltzen ditu. Grabatu zuten leku berean, Tolosako Bonberenean aurkeztu lana, eta azaroan, 2634 izeneko ikuskizun berezia eskaini zuten, Arriolan.

Taldearen lehenengo diskoko kantak zuzenean entzuteko aukera izango da, Platerueneko biharkoa. Gainera, taldekideek aurreratu dutenez, kolaborazio bereziren bat ere izango da Durangoko emanaldi horretan.

Platerueneko biharko emanaldiaren ostean, otsailean, martxoan eta apirilean, Bermeon, Elorrion, Gernikan eta Bilbon joko du Han laukote elorriarrak. Eta diskoa aurkezteko, ikus-entzunekoak eta zuzeneko musika uztartzen dituen 2634 ikuskizun berezia eskainiko dute Berrizen eta Tolosan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!