Hiru euskal koreografo gazteren lana, asteburuan, Zornotzan eta Durangon

Anboto 2015ko aza. 26a, 10:00
Ziomara Hormaetxeren ‘Symbiosis’ da Dantzatan zikloaren barruak eskainiko dutenetako bat.

Euskal Herriko koreografo gazteek osaturiko hiru dantza konpainiaren emanaldiak izango dira, asteburuan, Zornotzan eta Durangon. Barikuan, 21:00etatik aurrera, Zornotza Aretoan eskainiko dute emanaldia, eta San Agustin kulturgunean, domekan, 19:00etan. Dantza garaikidearen hiru pieza dira Dantzatan izenburuko ekimen honek eskualdera dakartzanak, 12, 20 eta 15 minutuko iraupeneko ikuskizunak.

Lasala konpainiaren Hooked (still), Cía Dantza Ziomara Hormaetxe taldearen Symbiosis, eta Ertza konpainiaren Joan zaretenei, adio izango dira ikusgai.

Judith Argomaniz eta Jaiotz Osa dantzariek eskainiko dute Lasala taldearen koreografia. Gizakiak lotura afektiboak izateko duen beharrari eta horrek eragindako egoerei buruzko lana da Lasalarena.

Bi dantzarik eskainiko dute, Symbiois koreografia ere: Ziomara Hormaetxe da lanaren koreografoa, eta Robert Jackson dantzariagaz ariko da Durangaldeko bi oholtzetan. Harremanez dihardu, lan honek ere: “Bi organismoren arteko harreman estu eta iraunkorrari buruz”.

Asier Zabaleta dantzariak, bestalde, “Euskal Herriak 40 urtean bizi izan duen gatazkaren ondorioz bizitza galdu duten pertsona guztiei zuzenduriko” obra eskainiko du. Joan zaretenei, adio du lanak izenburua, eta Zabaleta du koreografo, zuzendari eta dantzari bakar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!