Azaroak 25

Beldur Barik topaketan elkartuko dira, azaroaren 26an, Arriolan

Anboto 2015ko aza. 24a, 09:00

Azaroaren 26an, 18:30ean, Elorrioko Arriolan egingo duten Durangaldeko Beldur Barik Topaketara joateko deia luzatu dute eskualdeko hainbat udaletako berdintasun sailek. Gazteak indarkeria sexistaren kontra mobilizatzea helburu du Beldur Barik ekimenak, eta, ikus-entzunezko lehiaketa baten bitartez, sexismoaren inguruko eztabaida bultzatu gura du.


Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta eta Zaldibarko gazteek parte hartu dute 2015eko Durangaldeko Beldur Barik lehiaketan. Abadiñar gazteen hiru lan; durangarren hamar; berriztarren, elorriarren eta iurretarren bina ikus-entzunezko;  eta zornotzarren hiru lan jaso dituzte. Nahi duguna izateko!, Liberate, edo Nora begira? izenburuko lanak, esaterako.

Aurten ere, bi kategoriatan (12 urtetik eta 17ra artekoenean, eta 18tik 26ra artekoenean) lehiatuko dira Beldur Barik lehiaketaren parte-hartzaileak. EAEko lehiaketa orokorreko lehenengo kategorian 215 lan jaso dituzte, eta 94 bigarrenean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako partaideen lanak jaso dituzte, hainbat formatutakoak: kantak, animazioko lanak, antzezlanak, argazki muntaiak, bertso sortak, dantza ikuskizunak, poemak... Gehienek, baina, film laburrak aurkeztu dituzte Beldur Barik lehiaketara. Denera, 207 jaso dituzte antolatzaileek.

Kategoria bakoitzean sari bi emango dituzte Durangaldeko lehiaketan: 12 eta 17 urte artekoen kategorian 150 euroko sari nagusia, eta 100 euroko aipamen berezia emango dituzte. Bigarren kategorian, aldiz, horren bikoitza izango da sariaren zenbatekoa: 300 eurokoa lehenengoa, eta 100 euroko aipamen berezia emango ditu epaimahaiak.

Durangaldeko lehiaketara aurkezturiko lanek EAEko lehiaketan ere hartuko dute parte, eta hango sariak ere irabazi ahalko dituzte: 500 euroko sari nagusia lanik onenak, edo 300 euroko aipamen berezia.

Zaldibar, Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, eta Iurretako udalek izendaturiko epaimahaiak erabakiko du Durangaldeko Beldur Barik lehiaketaren saridunen zerrenda: berdintasun politiketan eta emakumeekiko indarkeriaren aurka diharduten hainbat lagunek osaturiko epaimahaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!