Nevadah: "Hasiera-hasieratik sortu zen kimika elkarregaz jotzean"

Anboto 2015ko aza. 20a, 11:00

Duela urtebete sortu zuten Nevadah Jokin Alberdik, Pello Bañosek, Liher Arteagak, Jon Agirrek eta Jon Agirrebeitiak. Asteburu betea dute aurretik: Gaur Durangaldeko Maketa lehiaketan parte hartuko dute (Zornotzako Zelaietan, 23:00etan) eta bihar, zapatua, Otxandioko gaztetxean izango dira, 22:00etatik aurrera.

Datozen bi asteburuetan bina kontzertu dituzue, Durangoko jaietan estreinaldia egin eta gero. Zeintzuk dira hitzorduak?
Jon Agirrebeitia: Gaur, Durangaldeko Maketa Lehiaketaren barruko kontzertua eskainiko dugu, Zornotzan, eta Otxandioko Gaztetxean, bihar. Hurrengo asteburuan, azaroaren 27an, Ondarruko Portuko Ranpan joko dugu, eta Atxondoko Gaztetxean, azaroaren 28an.
Jon Agirre: Sermond’s taldearekin batera joko dugu Apatan, euren aurretik, eta aukera ederra izango da!

Aukera ederra izan daiteke Maketa lehiaketakoa ere, ezta?
Jon Agirrebeitia: Aukera polita da, bai, baina lasai hartzea guru dugu. Dakiguna egitera goaz,  buruan ez darabilgu irabaztea.
Jon Agirre: Kontzertu bat izango da gaurkoa, gure bigarrena, hain zuzen ere. Eta, hain justu ere, kontzertu gehiago jotzea da behar duguna: Durangoko lehenengo kontzertu haren moduko gehiago eskaintzeko gai garela erakusteko geure buruari.
Pello Baños: Argi dago, baina, irabaztea itzela litzateke: 1.500 eurokoa da saria...  

Zer ezaugarri ditu Nevadah taldeak epaimahaiak alde positiboan zerrendatu ditzakeenak?
Jon Agirre: Oholtzan erakusten dugun jarrera eta gogoa.
Jokin Alberdi: Aldeko beste puntu bat da kantak lehen baino gehiago lantzen ditugula.
Pello Baños: Nevadah sortzeko elkartu ginenean, argi geneukan zeozer serioagoa egin gura genuela: kantak gehiago landu. Eta igartzen da hori ere.

Zelan sortu zen 2014ko abuztuan Nevadah?
Jokin Alberdi: Trastorno taldean ibili eta gero, talde barik geunden Liher eta biok. Baina, jotzeko gogo itzela geneukan. Hasi ginen, eta laster batu zitzaizkigun taldekideak.

Musika mota hau jotzeko gogotsu zeundeten?
Pello Baños: Jotzeko gogoa da, batez ere, elkartu gaituena.
Jon Agirrebeitia: Nik, adibidez, Kruders taldean ere jotzen dut, eta gogoa neukan rock & rollari lotuta zeozer egiteko. Hasiera-hasieratik sortu zen kimika elkarregaz jotzean.

Kanta bi dauzkazue grabatuta, eta zuen Facebook orrialdean daude entzungai.
Jon Agirrebeitia: Konturatu ginen gure proiektua ezagutzera ematea behar genuela, eta kontzertu bat eta Interneten zabaltzeko kantaren bat egin genituen, helburu horregaz.
Jon Agirre: Ona izan zen erabakia, izan ere, horrela, jendeak bazekien zelako kantak egiten genituen lehenengo kontzertura etorri orduko.

Zer errepertorio daukazue?
Jon Agirre: Bederatzi kanta dauzkagu, geuk egindakoak, eta bi bertsio ere jotzen ditugu. Rock & rolla estilokoak dira, baina oso anitzak ere bai: batzuek ukitu blueseroagoa daukate, beste batzuk bizkorragoak dira, punk rocketik gertu daudenak...

Kanten letrei garrantzi handia ematen diezue?
Jon Agirre: Bai, eta helburu bat daukagu hitzei dagokienez: hori delako gure nortasuna, euskaraz idaztea. Baina, zaila egiten zaigu rock & rolla euskaraz kantatzea: sonoritateagatik, edo entzuten dugun musika hizkuntza horretakoa delako, ingelesera jotzen dugu. Bitxia da, baina, punk rockeroagoak edo stonner-agoak diren kantetan, hobeto egokitzen da euskara. Aurrerantzean euskaraz eta ingelesez, bietara kantatu gura dugu.

 

"Lehenengo kontzertua Durangoko jaietan jotzea ederra izan zen"

Durangoko jaietan, txosnagunean, eskaini zuen Nevadah boskoteak lehenengo kontzertua. Gogoratu dutenez, ordu asko eman zituzten kontzertu hori prestatzen: “Lehenengoa zelako, eta Durangoko jaietan jotzea berezia delako denontzat”. Kontzertua prestatzerakoan, erantzukizun handia sentitu zutela onartu dute, eta “oso urduri” egon zirela.

Oso pozik daude estreinaldiko esperientzia horregaz: “Lehenengo kontzertua Durangoko jaietan, txosnetan, jotzea ederra izan zen: soinua ona zen, oholtza handia, eta entzulegoa zabala...”. Landakogunea oso handia izan arren, entzuleen berotasuna sumatu zutela azpimarratu dute.

“Jendea aurre-aurrean egon zen, giro polita sortu zen”, Agirre abeslariaren berbetan. Taldekideek asko laguntzen dute giroa hoztu ez dadin. Agirreren berbetan, “guk baino hobeto jotzen dutenak asko daude, baina gutxik daukate guk oholtzan daukagun jarrera: barru-barruan sentitzen dugu musika”.

Astelehenak arinduz
Astelehen arratsaldetan elkartzen dira Nevadah taldeko bost kideak, Aliendaldeko lokalean entseatzera. Astelehenak, “astelehen gogorrak” deritzenak, batez ere, entseguak gozatzen dizkiela kontatu dute gazteek. Desiratzen egoten direla, lanegunaren ostean, lokalean elkartu eta kantak sortzeko. Izan ere, Mañaria, Durango eta Abadiñoko gazteok bizitzako gauzarik inportanteenetako bat bezala bizi dute musika.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!