Durangaldean 'Etxekoak' ikusteko lehenengo aukera, domekan, San Agustinen

Anboto 2015ko aza. 19a, 12:43
Imanol, Goio, Amama eta Maddi dira obrako pertsonaiak.

Jon Gerediagak idatzi eta Ander Lipusek zuzendu du Huts Teatroaren Etxekoak antzezlan berria, eta, domekan, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturguneak eskainiko du obra Durangaldean ikusteko lehenengo aukera. "Etxekoak vs kanpokoak dikotomia absurdoaz" dihardu obrak.

Huts teatroak ekoitziriko beste antzezlan batzuek bezala — Publikoari Gorroto, Hamlet, Errautsak....—, azaroaren 1ean, Luhuson (Lapurdi) hasi zuen Etxekoak-ek ibilbidea. Eta antzezlan haiek bezala, estreinaldiaren segidan, Euskal Herriko kultur gune askotan izango da ikusgai: hogeita hamar emanalditik gora eskainiko dituzte udara bitartean.

Aktore laukoteak dihardu Etxekoak lanean: zuzendari lana ere egin duen Lipusegaz batera, Maika Etxekoparrek, Javier Barandiaranek eta Kristian Etxaluzek. Imanol, Maddi, Goio eta Amamaren paperak antzezten dituzte, hurrenez hurren.

Euskal Herriko etxe batean dago kokaturik Jon Gerediagak idatziriko Etxekoak, non, “legearen arabera”, ezin den “edonor etxean sartu”. Baina Maddik Mamadou maite du.

Ander Lipusek berak azaldua duenez, istorioak bere bizipen pertsonala du iturburu: “Itsasoaz bestalde maitemindu nintzen. Atzerriko lagunarekin egoteko aukera bakarra ezkontzea zen”. Elkarregaz bizitzeko, bidean topaturiko zentzubakokeriez, “etxekoak vs. kanpokoak dikotomia absurdoaz”, eta immigrazioaz dihardu obrak.  

Abenduan, Elorrion eta Berrizen ere egongo da Etxekoak ikusteko aukera; 11n, Arriolan, eta 12an, Berrizko kultur etxean. Otsailaren 19an ariko dira, bestalde, Zornotza Aretoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!