Jon Basaguren eta Odei Arrizabalaga: "Sahararrek argi dute hori ez dela beraien lekua"

Anboto 2015ko aza. 13a, 09:00

40 urte bete dira Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokoren esku utzi zuenetik. Berehala heldu zen Marokoren okupazioa, milaka saharar erbesteratzea ekarri zuena. Lau hamarkadara igaro eta gero, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekuak konpondu bako gatazkaren lekuko dira. Bertara bidaiatu dute Jon Basagurenek eta Odei Arrizabalak.


Nola sortu da Tindufera joateko asmoa?
Odei Arrizabalaga: Bidaia gure aldetik egin dugu, turista moduan. Ez gara elkarte batekin joan. Hasieran, bost lagun batu ginen, oporretan astebete lekuren batera joateko. Lagunetako batek ume sahararrak hartzen dituenez udan, familia bat ezagutzen du Tindufen, eta horrela sortu zen hara joateko asmoa.
Jon Basaguren: Bai, lagun horietako bat ezin izan zen etorri, eta, azkenean, familia hori ezagutzen duena ere ez. Beraz, beste hirurok joan gara.

Zuen aldetik joan zarete, beraz?
J.B.: Bai, Madriletik Aljeriara joan ginen, eta handik Tindufera.  Pertsona bat gure bila etortzekoa zen, baina ez zen agertu, eta abenturatxoa izan zen.
O.A.:  Orain urte batzuk bahiketaren bat izan zen, eta, ordutik, oso kontrolatuta dago dena. Protokolo bat dago, baina, antza denez, ez geunden zerrendan. Azkenean, kotxea ipini ziguten joan behar ginen lekura joateko.

Tindufeko azken egunetako uholdeen aurretik antolatu zenuten bidaia. Zer aurkitu duzue bertan?
O.A.: Aiunen egon ginen gu, Bukra herrian, eta han uholdeek ez zuten eragin handirik izan.
J.B.: Zazpi edo zortzi egunean euria bota eta bota ibili zen, atertu barik. Beldur handia pasatu zutela diote denek, eta oraindik ere beldur ziren euri gehiago egingo ez ote zuen. Ur putzu handiak ere ikusi genituen. Hondartza deitzen genien. Beste daira batean, Auserren, egoera okerragoa zen. Etxe gehiago hondatuta, eta jendea haimetan bizitzen zegoen. Alfonbra eta mantak sikatzen ari ziren.
O.A.: Leku honetan jende oso gutxi ikusi genuen, eta esan ziguten “mendira” joan zirela, haima eta guzti, etxeak berreraikitzen zituzten bitartean. Dena dela, Dajla da kalte gehien jasan duen gunea.

Tindufera bidaiatzen duzuen lehenengo aldia izan da. Zelako esperientzia izan da?   
J.B.: Esperientzia oso polita izan da. Bizitza familiarra egin dugu. Hango bizimodua ezagutu dugu. Niri hango familia-harremanek atentzioa eman didate. Lehengusuen eta familia guztiaren arteko lotura nabaritzen da.
O.A.: Ni ez naiz sekula irten Europatik, eta kontraste itzela nabaritu dut. Jendea baliabide oso gutxigaz bizitzen ikusten duzu, beste bizimodu bat da. Familiak garrantzi handia du. Komunitatea oso barneratuta dute. Bestalde, erbestearen gaia ere oso presente dute, zergatik dauden hor.

40 urteren ostean, sahararrek erbestean jarraitzen dute. Egoera honek badu irtenbiderik?   
J.B.: Ikusi dudanagatik, jendea nazkatuta dago. Zaharrek badute borroka egiteko gogoa, baina gazteek bidaiatu egin dute, eta badakite zer den erosotasuna. Beraz, gazteek handik irtetea gura dute. Denboragaz, jendeak handik irten gurako du eta bizimodu erosoago bat eduki.
O.A.: Gaitza da. Herri oso bat mugitzerakoan, oso gai larria da, eta orain konponbide zaila du. Gainera, hau goitik dator, eta ez dut uste irtenbidea gure esku dagoenik. Gerra bizi izan duen jendearekin egon gara berbetan,  baina, umeak bertan jaio dira, eta bizitza aldatuz doa. Beraiek argi dute hori ez dela beraien lekua. Beraz, euren bizimodua aurrera ateratzeko, kanpora joaten ari dira, batez ere Espainiara.

Nazioartean nork eman beharko lituzke pausoak auzi honi irtenbidea bilatzeko?
J.B.: Espainiak erreferenduma antolatu beharko luke, baina Mendebaldeko Saharak duen aberastasuna dela-eta (fosfatoa...), Marokok ez dut uste erabakia onartuko lukeenik. Beraz, egoera nahiko zaila dela deritzot. Gainera, Tindufera bidaltzeko guztia Aljerian erosten denez, herrialde honi ondo datorkio diru sarrera hori. Horrrela, trukeko txanpona izaten jarraitzen dute, eta ezer ez dagoen desertuan, 50 gradura bizitzen jarraitzen dute.
O.A.: Espainiako gobernuak badu bere erantzukizuna historikoki, baita Marokok ere. Hala ere, horren irtenbidea gobernuen esku dago. Sahararrek ahal dutena egiten dute. Erreferendum bat egingo zela zin egin zieten, eta oraindik ez da egin. Bete ez diren hainbat hitzarmen daude zorretan. Tartean dauden interesak oso handiak dira. Gai oso konplexua da.

Berrizko Udalak baditu proiektuak Tindufen. Baten bat ezagutzeko aukerarik izan duzue?
O.A.: Berriz oso sentsibilizatuta dago sahararren auziarekin. Une honetan, baditu hainbat proiektu Tindufen, emakumearen etxean. Bidaian joan garenean, proiektu hori bisitatzeko aukera izan dugu. Horrez gainera, badaude beste proiektu batzuk uraren inguruan, kooperazioaren arloan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!