Ramon Oleaga: "Mapak talde sozialean eragiteko medio erraz eta indartsuak dira"

Anboto 2015ko urr. 19a, 11:56
Ramon Oleaga kartografiazalea abokatu da ofizioz.

‘Durangaldeko kartografia’ erakusketa ikusi daiteke Durangoko Arte eta Historia Museoan. XVI. mendetik XXI.  mendera arteko Durangaldeko 20 mapen bitartez atzera begiratu historikoa egiteko gonbita egin dute. Urriaren amaierara arte egongo da erakusketa museoan.

Kartografiaren bitartez atzera begiratua egin gura duzue...
Espazioaren irudikapen grafikoetan, alegia, mapetan, Durangaldeak  hartu  duen irudiaren atzera begirako historikoa egin gura izan dugu. Hori bai, irudi inprimatuak dira ia denak, ez dago eskuizkriburik. XV. mende erdialdean inprenta sortu zenetik gaur egunerako bidea egin gura izan dugu: XVI. mende bukaeratik ia XXI. mendera arteko adibideak daude. Lerro historiko hori islatu gura dugu.

Mapa zaharrena 1606koa da.
Bai, Mercatorren atlasean (1595) du jatorria; matematikari flandestar ospetsuaren obra hori da atlas izenagaz argitaratutako aurrenekoa, baina, ez dago Euskal Herriko maparik. Hurrengo edizio batean jasoko dira Iberiar Penintsulako herrialdeetako mapa batzuk; gurea islatzen duena ere bai: Kantabria eta Nafarroatik haratago doa, Frantziako hego-ekialdea ere hartuz. Euskal lurralde esparrua islatuko du 1606ko edizio horrek; Durangaldea barne.

Nondik datorkizu kartografiarekiko zaletasuna?
Beti deitu dit atentzioa, liburuetan, Euskal Herriko irudi historikoak testuinguruan kokatu gabe agertzeak. Eta, gehienak beste batzuen begiratua dira. Erakusketan ikusi daiteke hori: ediziorik antzinakoenak flandestarren begirada dira. Urruneko errealitatea zaie gurea. Horren zergatia aztertu gura izan dut.

Argitu duzu jatorria?
Botere irizpideak daude hor. Lurralde irudikapen ona duenak eraso eta defentsa lerroak edo fiskalitatea erabaki ditzake; lurralde eta politika kudeaketa eroan...

Lurralde baten egitura sozio-politikoa islatu dezake?
Ez hori bakarrik, baita egitura sozio-politiko baten nahia ere. Adibidez, Kanariak ageri diren Marokoko mapa atzean duela egiten die harrera hango erregeak espainiar ordezkariei; edo EITBren eguraldiaren mapa. Talde sozialean eragiteko baliabide erraz eta indartsuak dira.

Sasoiaren araberakoak dira.
Osagai asko du mapa batek:  zientzia, teknika, historia, gizartea, geografia eta artea. Momentuko gizartearen egoera islatzen dute. Durangaldeari dagokionez, altueren irudikapenean igarriko da denboraren joatea. Osagai artistikoetan ere ikusi daiteke XVI-XVII. mendetik XX.era arteko aldaketa.

Merindadea argi islatzen duen maparik badago?
Gernikako Batzar Nagusien hauteskundeetarako momentuko lurralde-mugapea azaltzen duten XIX. mendeko mapa bi daude; XVIII.  mendeko hirugarren bat ere bai, hiribildu, eleizate eta merindadeen arteko mugak islatzen dituena.

Bilboko mapa bat ere badago.
Bitxia iruditu zaigu hiria zeharkatzen duen ibaiaren ibilguaren izendapena: Fiume Durango. XIX. mende hasieran Bonaparteren armadari lagundu zioten ingeniariek horrela izendatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!