Aitor Ajuria: "Beriaingoa baino askoz gogorragoa da Anbotorako igoera"

Anboto 2015ko urr. 8a, 14:21

Aitor Ajuriak lehenengoz egingo du Anbotorako igoera. Kilometro bertikalen etorkizuneko kimua da otxandiar gaztea. Beriaingo KBan 21 urtez azpikoa irabazi zuen.


Zer sentsazio dituzu?
Entrenamenduetan hiru bider egin dut Anbotorako igoera,  azkenekoz astelehen honetan. Topera aritu, eta ondo sentitu naiz. 44.40ko denbora egin nuen astelehenean.

Uharte Arakil-Beriaingo KBaz alderatuta, zein da gogorragoa?
Anbotokoa askoz gogorragoa da. Kilometro bi gutxiagoan desnibel ia berdina igotzen da. Ez dago atsedenik hartzeko aukerarik. Gora eta gora puntara heldu arte, hori da ibilbidea.

Zapatuan zein izango da zure helburua?
Ahalik arinen goraino heltzea. Beste era batera esanda, ibilbide erdian ito, eta gora heldu ezinik ez geratzea. Indarrak ondo neurtu behar dira.

Zure ustez, nork irabaziko du?
Aitor Osak. Beriainen ikusi nuen, eta ikaragarria da aldapan gora.

Ariznabarreta, Lariz, Osa… ezagutzen dituzu?
Badakit nortzuk diren, jakina, baina ez ditut ezagutzen. Otxandion Arkaitz Zamakona ezagutzen dut, Euskal Herriko selekzioko kidea izandakoa. Beragaz eta beste batzuekin aritzen naiz. Baita bere anaia Markelegaz ere. Honek ere parte hartuko du, bihar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!