Beldur Barik lehiaketa martxan dago eskualdean

Anboto 2015ko urr. 8a, 10:40
Iaz Iurreta institutuko ikasleek egindako bideoaren fotograma bat.

Abadiño, Berriz, Elorrio, Durango, Iurreta eta Zaldibarko udalen eskutik, martxan dago aurten ere Beldur Barik lehiaketa. Azaroaren 25aren –Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna– testuinguruan antolatzen da lehiaketa, gazteen artean indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko asmoz. Durangaldean lehiaketa propioa egiten da, baina erkidegoko programa baten barruan dago. 12 eta 26 urte arteko gazteek parte hartu ahal dute, indarkeria sexistaren aurkako ikus-entzunezko lanak aurkeztuta.


Arriolan topaketa
Azaroaren 11ra arte egongo da proiektuak aurkezteko aukera, eta www.beldurbarik.org webgunean daude irizpideak. Durangaldeko partaideekin topaketa egingo dute, azaroaren 26an, Elorrioko Arriolan, eta bertan emango dute irabazleen berri. 100 eta 300 euro arteko sariak egongo dira jokoan. Erkidegoko topaketa egun bi geroago izango da, Amurrion (Araba).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!