Aldarricatuz: "Aldaketa ezkertiar eta independista posible izan daiteke"

Anboto 2015ko urr. 2a, 09:00

Herrialde Katalanetan gertatzen denaren bozgorailu izan guran jaio da Aldarricatuz, Euskal Herrian bizi diren katalanek bultzatuta. Kolektibo ezker independentista horretako kide dira Josep Sancho —bost urte daroaz Bilbon eta Otxandion lan egiten du— eta Estela Pradas—urtebete da Durangon bizi dela—. Katalunian bizi denaz jardun du ANBOTOk eurekin.


Herrialde Katalanen errealitatea Euskal Herrira ekartzeko sortu da Aldarricatuz.
Josep Sancho: Hala da. Euskal Herrian asko hitz egiten da gure herrialdeaz. Gaur egun bizi dugun abagune politikoak ere lagundu du horretan. Hala ere, han gertatzen denaren informazio osoa ez dagoela uste dugu.
Estela Pradas: Katalunia historikoaren lurralde eremua —Katalunia, Valentziako Herria, Balearrak, Ipar Katalunia eta La Franja de Ponent— defendatzen dugu, ez Espainiak eta Frantziak inposatutako autonomia erkidegoena. Hango nazio zein genero eta gizarte  (Bartzelonako Sans auzoko Can Vies zentro sozialeko borroka, Vaga de totes emakumeen greba...) borroken ahotsaren bozgorailu izan gura dugu.

Nola bizi duzue Katalunian bizitako egoera politikoa?
E.P.: Pozik gaude CUPek emaitzak hirukoiztu egin dituelako. Horrek ezker independentista antikapitalistak indarra hartu, eta espazioa irabazi duela sinistarazten digu. Gainera, gehiengo absolutua dute Kataluniako parlamentuan independentistek. Egoera horrek independentziaren borrokagaz jarraitzeko aukerak zabaltzen ditu. Hala ere, hauteskunde autonomikoak izan dira, Herrialde Katalanen zati handi bat kanpoan geratuz. Baliteke gaur ezer ez aldatzea: pribatizazioekin eta murrizketekin jarraituko du Convergenciak, baina, CUPek ordezkaritza gehitu du, eta aldaketa ezkertiar eta independentista posible izan daiteke. Urte askoan, gizarte mugimenduetan lan egin eta borrokatu direnak (casal, ateneo, lantoki, institutu, unibertsitateetan…) daude hor.
 
Parte hartzea historikoa izan da, %77tik gorakoa.
J.S.: Oso positiboa da, gero eta herritar gehiagok politikaren bilakaeran parte hartu gura duela erakusten duelako. Politika eguneroko kontua da, baina, hauteskundeen aurrean, eta hauek hartutako izaera ikusita, parte hartzea garrantzitsua da.

Izaera plebiszitarioa?
J.S.: Ezkertiar independentista guztiok ikusi dugu etorkizunerako, independentziarako, hauteskunde klabeak zirela, hasieratik esan arren Espainiako erkidego autonomo bateko hauteskundeak zirela. Espainiak arrazoia eman digu Barak Obama, Angela Merkeli... galdetuta. Independenteak gara Espainiarekiko, Troikari ordaintzeko zorrarekiko, edota NATOrekiko. Parte-hartzea horrenbestekoa izana oso garrantzitsua da guretzat guzti horretarako.

Prozesu independentistari legitimitatea emateko, botoen %55 eskatu du Europak.
J.S.: EBk ez digu batere onurarik ekarri. Kalte handia eragin die Herrialde Katalaneko langileei: Maastrichteko itunagaz nekazaritza tradizionala  galdu genuen—beharrezkoa paisaia sozialari eta ingurumenari eusteko— ; euroak gainerako ia estatu guztiei emandako zartada eman digu; eta, langileen zirkulazio librea ez da horren librea. Kapitalaren Europa da hau, eta Europako langile guztien batasunean sinisten dugu, munduko langileen batasunean lez.
E.P.: Desberdintasunen EB da hau, errefusiatuen krisia gestionatzen ez dakiena; elkarretaratze faxista eta neonazi gero eta gehiago dituena. Europatik zein kanpotik datozenentzat insolidarioa eta bidegabea. Europa  hori ordezkatzen du Ciudadansek, eta 25 ordezkari lortu ditu.

Junts Pel Sík Artur Mas aurkeztu du President moduan.
E.P.: Independentziak herri baten izena du, ez pertsona batena. Hala esan du CUPek ere.
J.S.:Kataluniako Errepublikaren jaiotze agiria sinatu zen domekan; Otxandion edo Reusen jaurtitako bonbetan, Andaluziako hilketetan… oinarritutako estatuaren heriotza agiria. Antonio Bañosek (CUP) esan duen legez, eraikitzen hasteko ezinbestekoa da langile katalan guztiek hiru otordu izatea. Frankismoaren mutazioa baino ez den 78ko erregimena apurtzen ari gara.

Prozesu soberanista aurrera doa. Zer aldatu da domekatik?
J.S.: Herrialde Katalanetan hainbat prozesuz osaturiko prozesua abiatu da. Oso garrantzitsua da Kataluniakoa, Europa eta mundua begira baitaude. Baliteke Katalunian egoera lagungarriagoa izatea, baina, Valentzia Herriaren, Balearren…. egoerak desberdinak dira. Asko dago egiteko.

Zein bide orriri jarraituko zaio?
J.S.: Desobedientziaren aldekoak gara. Legaltasunean baino, legitimitatean sinisten dugu. Langilegoari begirako politikak landuz gero, berbetan eta herria eraikitzen hasi gaitezke. Ezkerreko independentismoa beti egon da, eta herri gisa hitz egin du.
E.P.: Burgesia katalanak osatzen du Junts Pel Sí; erregionalistak izan dira beti, murrizketak egin dituzte (hezkuntzan, osasunean…). Estatutu oso murriztua negoziatu zuen Artur Masek. Normala da ez fidatzea. Gainera, bankuekin hipotekatuta daude. Ez zaie multinazionalei jokoa egin behar. Pribatizazioari eta murrizketei amaiera eman behar zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!