EAJren ustez, kontraesana da EH Bilduk Amankomunazgorako elkarlana eskatzea

Anboto 2015ko ira. 30a, 16:00

EH Bilduko Aitor Lopez da Amankomunazgoko presidente berria, eta kargua hartzeko ekitaldian elkarlanerako borondatea agertu zien beste alderdiei.

EAJri “bitxia” iruditu zaio eskaera, prentsaurrekoan Goiztidi Díaz zinegotzi durangarrak esan duenez: “Kontraesana da EH Bilduk orain elkarlana eskatzea. Orain arte, batzorde batzuetara etorri ere ez ziren egiten”. Oskar Zarrabeitia presidente ohiak ere ildo beretik  berba egin du: “Lau urtean ez dute aurrekontu bat ere babestu”. Edozelan ere, jeltzaleek legealdi berrian “modu eraikitzailean” lan egingo dutela nabarmendu du Zarrabeitiak. Gainera, egunotan Lopezi lana erakusten ibili dela aipatu du.

Zarrabeitiak adierazi du aurreko legealddiaren balantze positiboa egin dutela. Enplegua eta Gizarte Ekintza izan dira euren lehentasunak, eta azpimarratu du gizarte larrialdi egoeretarako 281.000 euro gehiago ipini zituztela. Horrez gainera, gazteei lana topatzeko laguntzak, neguko aterpetxea, bosgarren kontainerra eta Euskara Plana lako proiektuak ere gogoratu ditu. Díazek gaineratu du harro daudela legealdian eginiko lanagatik.

Aldaketak datoz, Díazen arabera: “Batzuetan txarrerako izan direla ikusteko urrun joan behar ez denez, onerako izango direla ziurtatzeko lan egingo dugu” . Elkarlanerako borondatea dutela argudiatzeko, Zarrabeitiak iragarri du gizarte larrialdietarako laguntzan 110.000 euro gehiago inbertitzea eskatu diola Aitor Lopezi.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!