Mailari eustea helburu Mallabia, Buskantza B eta Sasikoa B taldeek

Anboto 2015ko ira. 25a, 12:47

Areto futboleko Euskal Ligan, hasi dute denboraldia Durangaldeko hiru ordezkariek: Mallabia Altaldi, Elorrioko Buskantza B eta Durangoko Sasikoa B taldeek. Lehen jardunaldian, Mallabiak jipoitu egin zuen Eraso Aiara (12-2); Elorrioko Buskantza Bk ere hiru puntuak batu zituen (4-3) Miranda Bayasen aurka, nahiz eta joko aldetik, baduten zer hobetu. Sasikoak, aldiz, amore eman behar izan zuen Otxartaberen kontra (4-8).


Hiru ordezkarien artean, Mallabia da filiala ez den talde bakarra. Aurten, hiru jokalarik utzi dute taldea, eta berri bi hartu dituzte. Etorri edo igo berriek “oso emaitza onak eman dituzte aurredenboraldian”, Mallabiako Juan Carlos Perezen berbetan. Mikel Aranburu goleatzaile nagusia izan zen, iaz, filialean, eta, aurten, lehen taldean dabil: “Beragan konfiantza dugu, eta gola eman deizaigukeela uste dugu”. Mikel Aguado, aldiz, futboletik dator. Berrizen jokatu zuen, iaz: “Oso ondo egokitu da jokamolde berrira, fisikoki indartsua da, eta atzeko aldean segurtasuna eman digu”.

Hamar jokalarik (bi atezain)  bakarrik osatzen dute taldea, baina hori filialeko jokalarientzat motibagarria izan daitekeela uste du Perezek. Iazko sailkapena hobetuz, sailkapenaren erditik gora geratu gura dute: “Taldeari hori exijitu ahal diogula uste dut”.

Elorrioko Buskantza B oraindik egiten ari den taldea da. Iaz, taldea gaztetzeko bidea hasi zuten, eta, prozesu horretan murgilduta daude. Aurten, Christian Gulin ekarri dute Mendibeltz taldetik, eta Unai Arregui Buskantzako gazte mailatik igo dute. “Zaila da esatea non ibiliko garen, lan asko dugu egiteko”, dio Iker Saenz de la Cuestak, baina iazko taldea indartu dutela uste du.

Sasikoa Bk entrenatzaile berria du aurten: Nor Boughlala bilbotarra. Futbol entrenatzailea izan da, areto futbolean bigarren entrenatzaile lanak egin izan ditu eta hauxe du aurreneko esperientzia lehen entrenatzaile moduan. Aurredenboraldian partidu bakarra jokatu dute eta oraindik taldea ez dago ehuneko ehunean. Hala ere, lehen  partiduan lanak eman zizkioten Otxartabe indartsuari. Galdu arren, 4-2 irabazten joan ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!