Igor Azpiri: "Olazarren finalera heltzea da aurtengo nire helburua"

Anboto 2015ko ira. 15a, 09:30

Igor Azpiri pilotari elorriarrak Olazar txapelketako lau finalerdi jokatu, eta denak galdu ditu. Azkenekoz, iaz gertatu zitzaion, Ander Imaz kide zuela. Aurten, lagun berarekin, hatz puntekin sarritan ukitu duen finala jokatzea du helburu.



Olazarrek final bat zor dizu.
Egundoko gogoa dut Olazarren finalera arteko pausoa emateko. Lau finalerdi galduta, ematen du koska hori ezin dudala igo. Finaleko egun hori bizitzea gustatuko litzaidake. Horixe da Olazarren falta zaidana, eta horixe da aurtengo helburua: finalera heltzea. Urte batean, eskuetatik txarto egon nintzen, eta besteetan ez genuen gure maila eman.

Azken finalerdia iazko aldikoa da. Zelan joan zen?
Askogatik galdu genuen: 22-6. Anderrek (Imaz) pilota batzuk galdu, eta konfiantza galdu zuen, eta, tira, ez genuen gure maila eman.

Aurten bikote-lagun bera izango duzu: Ander Imaz. Sarritan jokatu duzu beragaz?
Ez, gutxitan, birritan bakarrik. Iaz Olazar txapelketan, eta, aurten, urtarrilean, Altzako pilota txapelketan. Irabazi egin genuen, gainera.

Zelako pilotaria da Imaz?
Ondo hartzen dugu elkar. Imaz gaur egungo atzelaririk onenetakoa da afizionatuetako gazteen artean. Eskuma indartsua du, eta ondo datorkit hori aurreko saltsan gustora ibiltzeko. Gainera, kantxan arin ibiltzen da; kantxa asko betetzen du. Aurten, Biharko Izarrak txapelketa irabazi du binaka.

Zelan joan da uda? Asko jokatu duzu?
Uztailean Euskal Herriko elite mailan azpitxapeldun geratu nintzen. Xabier Erostarbegaz  jokatu nuen, eta 22-20 galdu genuen. Ondoren, Añorgako elite mailako txapelketa irabazi nuen, Tabarregaz bikotea osatuta.

Zein sasoi puntutan zaude?
Oraintxe bertan, eskua oso txarto daukat. Udan partidu asko jokatu ditut, eta karga hori igartzen dute eskuek. Baina, hile eta erdian edo, ez dut partidurik jokatuko, eta, Olazar hasten denerako, osatzea espero dut. Joko aldetik, oso ondo eta konfiantzagaz nago.

26 urte dituzu. Zelan bizi duzu pilota? Zein unetan zaude?
Orain hiru urte, nahiko pattal ibili nintzen; gora heltzea helburu, eta ez duzu pauso hori ematen, eta balio duzula erakutsi behar horrek… Orain, desberdin jokatzen dut. Gozatzera irteten naiz kantxara, eta ez sufritzera, sasoi batean gertatzen zitzaidan moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!