Aitor Lopez izango da EH Bilduren hautagaia Amankomunazgorako

Anboto 2015ko ira. 4a, 10:30
Zaldibarko EH Bilduren hautagaitzako argazkian, Aitor Lopez goiko lerroan, ezkerretik bosgarrena.

Datozen asteetan burutuko da Amankomunazgoa osatzeko bilkura, eta EH Bilduk izendatu du presidente izateko hautagaia: Aitor Lopez. Zaldibarko zinegotzia da bera; 32 urte ditu, eta Administrazio eta Enpresa zuzendaritzan lizentziatua da.


Gobernatzea lortuz gero, Aitor Lopezek adierazi du gestio “dinamikoa” egin gura dutela. “Ez dugu gura Amankomunazgoa zerbitzuen gestiorako bakarrik izatea”. Eskualdeko beste sektoreekin lankidetzan jardun gura dute, eta herritarrekin prozesu parte-hartzaileak hastea ere bai. Gainera, “Tokiko Garapeneko arlo indartsu bat” sortzea da EH Bilduren asmoa.

Udaletako ordezkari banaketaren arabera, EH Bilduk hamahiru kide izango ditu Amankomunazgoan. EAJ dauka atzetik, hamaikagaz. Bestalde, Abadiñoko Independenteek  bi lortu dituzte, eta Durangon Podemos-Ahal Duguk babestutako Herriaren Eskubideak bat. Aurreko legealdian independenteek jeltzaleei eman zizkieten aulkiak; orain, berdina gertatu arren, badirudi Herriaren Eskubideak edukiko duela Amankomunazgoko giltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!