Oihane Ugarteburu, sexologoa: "Internet bidez, berba bako komunikazioa galtzen da"

Anboto 2015ko ira. 4a, 09:00

Lahia-Nahia taldeko Oihane Ugarteburu (Durango, 1986) sexologoak ligatzeko tresna berrien analisia egin du.


Zelan ikusten duzu Internet bidez ligatzea?
Pertsonak ezagutu eta erlazionatzeko beste bide bat da, eta, jende bati beste pertsona batzuekin lehenengo kontaktua egiteko erraztasunak ematen dizkio. Hala ere, berba bako hizkuntza galtzen da. Komunikazio mota horrek, bere baitan hartzen ditu gorputz jarrera,  ahotsaren tonua, isiluneak...  Elkarrizketa bat dugunean, hitzez esaten denaren besteko garrantzia dauka gorputzak, eta internetez izaten diren elkarrizketa gehienetan komunikazio era hau galdu egiten da, irudien bitartez emozioen adierazpena transmititzen saiatu arren. Bestalde, kontaktu fisikoaren kontua dago; erlazionatzeko beharrezkoa da, eta internetez ezinezkoa da hori.  

Ashley Madisonen kasuan, erabiltzaileak publikoki epaituak izan dira.
Gizartean gailentzen den maitatzeko eredu erromantikoak, erlazio monogamikoak onartzen ditu soilik. Ondorioz, hortik ateratzen diren hartu-eman guztiak erruduntasunagaz bizi ohi ditugu. Gainera, betikotasuna hausten duen erruduna bilatzeari ekiten diogu. “Errua”, fideltasuna gorde ez duen pertsonari leporatzen zaio normalean, Ashley Madisonen kasuan gertatzen den bezala. Baina, aldi berean, adarrak jarri dizkiotenari ere leporatzen zaio, edo hirugarren pertsonaren bati.   

Ze aholku emango zenioke Internetez ligatzea probatu gura duenari?
Garrantzitsuena informazio zuzena edukitzea da: zein den orrialde hauen benetako helburua, gure datuen pribatutasunaren inguruko informazioa...

Gazteak ere izango dira erabiltzaileak...
Gazteen gehiengoak internet, eta, batez ere, sare sozialak erabiltzen ditu lagunekin kontaktuan egoteko edo beste batzuk ezagutzeko. Bikotekideen kasuan, batzuek Whatsappa kontrolatzeko tresna gisa erabiltzen dute, azken konexioa ze ordutan izan den ikusteko, adibidez. Bestalde, gazteek sare sozialetan erakusten duten irudiaren gaia dago; besteen iritziaren arabera erakutsi nahi izaten dute euren irudia. Neska gehienek beraien gorputz irudiari ematen diote garrantzia, hori baita gizartean emakumeongan baloratzen dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!