Interneten ligatzeko plataformak, gero eta jende gehiagorentzako ate berriak

Anboto 2015ko ira. 4a, 09:00
Ashley Madisonen erabiltzaileak dio “lelokeria” dela datuak herrika sailkatzea.

Lagunarte askotako berbagaia izan da azken egunotan Ashley Madisonen (Interneten ezkonduentzako ligatzeko zerbitzua) erabiltzaileen datuen filtrazioa. Hedabide ugarik gaizkileak balira bezala tratatu dituzte erabiltzaileak, eta fideltasun ezaren gaiak morboa eragin du. Durangon 7.000 erabiltzaile direla ere argitara irten zen prentsan; hori bai, txarto emanda. Mundu osoko Durango herriak batuta irteten da emaitza hori; hemengo Durangon, 500 inguru omen dira erabiltzaileak.


Baina, datuen morboaz harago, sakoneko arrazoietan murgildu, eta Ashley Madisonen erabiltzaile bategaz kontaktatu du ANBOTOk. Durangaldeko 50 bat urteko emakume honek –izena ez du publiko egin gura  izan– banandu ostean eman zuen izena, duela urte eta erdi. Beraz, erabiltzaile guztiak ez dira ezkonduak, eta herrien araberako datuak ere ez dira fidagarriak: “Lelokeria handia da erabiltzaile kopurua herrika azaltzearen kontu hori. Sare horietan, hartu-emana egin arte, inork ez daki benetan bestea nongoa den; datuak faltsuak izaten dira”. Emakumeak aitortu du, hasieran beldur zela datuen segurtasuna dela-eta, baina, jakinmina piztu, eta ausartu egin zen. Bere esanetan, horrelako zerbitzuek ate bat zabaldu diote banandu ostean.

Ashley Madison zerbitzuan mugitzen dena azaldu du: “Plataforma horretan ezagutu ditudan erabiltzaile asko bikotean bizi direnak dira, gizonezkoak. Bikotekideagaz adostu barik, ezkutuan, beste hartu-eman batzuk edukitzea gura dutenak. Asko, bikote bizitzak eskaintzen diena baino sexu hartu-eman gehiago bilatzen dutenak dira, edo familiaren egitura guztia eduki arren, hartu-eman sexualetan gabezia sentitzen dutenak. Euren fantasiak gauzatzeko helburuz etortzen dira”.

Mugarik ez dagoenez, ordenagailu aurrean kateatzeko arriskua da alde negatiboa. Emakumeak dio, batzuetan kafe bat hartu duela bakarrik; beste batzuetan sexua praktikatu duela: “Nire kasuan behintzat, ez da erlazio egonkorrik sortu sare hauetatik. Gizon gehienak esperimentatzen dabiltza, eta norbera ere horretan dabil. Egia da beti daukagula buruan nonbaiten agertuko dela bikotekide aproposa, baina konturatzen zara horretarako lekurik egokiena ez dela hau”.

Bere adinean zail ikusten du bikote egonkorra topatzea: “Urteek aurrera egin ahala, hartu-emanak gero eta desegonkorragoak direla iruditzen zait: ez gaude zenbait gauza onartzeko prest, eta hartu-eman bat usteltzen hasten denean, utzi egiten dugu”.

Emakumea esplorazio etapa bat bizitzen dabil. “Jendea hain arin ez epaitzen ikasi dut mundu honetan nabilenetik”. Zibersexua ere probatu du, eta “gozamena handia” izan daitekeela dio, garbia izateaz aparte.
Kaixomaitia.com

Baina, euskaldunak ez al ginen, bada, gatzik bakoak? Ez dirudi guztiz egia, Kaixomaitia.com kontaktu zerbitzuaren datuak ikusita. 4.000 erabiltzaile ditu webguneak; Iñigo Arandiak (Tolosa, 1974) sortu zuen 2007an.
Plataforma berritzen dabiltza, eta epe laburrean 10.000 erabiltzaile izatera heldu gura dute. Internetetik kanpoko ekintzak antolatu gura dituzte –pintxopoteak edo mendi irteerak, adibidez– eta maitasun ereduen inguruko hausnarketa ere bultzatuko dute webgunean. Izan ere, “arautik ateratzen den guztiari egurra ematen zaio”, Arandiaren ustez. “Kontua da: zergatik dago Ashley Madison bezalako zerbitzu bat, 37 milioi erabiltzailegaz?”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!