Udan 'herria altxatu' dutenak, oporrak beste baterako utzita

Anboto 2015ko abu. 28a, 09:00

Udari aste batzuk geratzen zaizkio oraindik, baina oporrak hartzeko sasoi beteenak pasa dira dagoeneko. Hondartza, mendia, atzerriko herrialdeak... Ikasturteko egunerokotasunagaz apurtzeko aukerarik ez da falta. Baina, askok atseden hartu duten bitartean, beste batzuek herria altxatu behar izan dute. “Hik lan, eta nik jai!”, abestiak zioen moduan. Gainera, lan egin duten hainbatek oporretan egondako jendeak ondo pasatu ahal izateko egin dute behar. Zerbitzariak, izozki saltzaileak eta musikariak dira horren adibide. Horiek guztiek beste baterako utzi dituzte oporrak.


Zerk bultzatu ditu udan beharra egitera? Eneritz Agirreren antzera lan barik egon direnentzat, arnasa apur bat hartzeko aukera da udan lan egitea.  Aintzane Uria, Onintze Murga eta Txus Ruiz de Erentxunek, ostera, udan edukitzen dute lanik gehien, ofizioak horrela eskatzen dielako. Bestalde, Aitziber Areitioren antzera, gazte batzuek bidaia luzeak egiteko erabakitzen dute udan lan egitea. Eta zelan ez, badaude ofizio batzuk urteko 365 egunetan beharrezko direnak; Monika Bilbao medikua anbulatorioan geratu da, oporraldian ere ez gara-eta gaixotasunetatik libratzen.

 

ONINTZE MURGA - Lopez izozki dendakoa

Duela lau urte zabaldu zuten denda Onintze Murgak (Lekeitio, Bizkaia, 39 urte) eta senarrak.

Izozkiak saltzen zabiltza Durangon. Zer moduz?
Durangon zaila da noiz salduko den igartzea. Baina ez badago zeru urdinik, ez da izozkirik jaten. Eta, antza, aterkina eta izozkia ez dira bateragarriak! Abuztuan ez dago ezta arimarik ere. Kanpotik etorritakoak edukitzen ditugu; aurten frantses ugari etorri da. Sasoi onenak udaberria eta irailetik sanfaustoak pasa artekoa izaten dira.

Udan oporrak hartzen dituztenen inbidiarik izaten al duzu?
Ez, udan lan egitera ohituta nago. Gurea udako beharra da, eta aspaldian ez dakit zer den udan oporrak hartzea. Urtarrilean hartzen ditugu guk oporrak.

MONIKA BILBAO - Medikua Iurretako anbulatorioan

Herria eta herritarrak zaintzen geratu da Monika Bilbao (Ugao, Bizkaia, 49 urte).

Zergatik zabiltza lanean?
Nik gura dudalako nabil udan lanean. Oporrak hartzeko nahiago izaten dut iraila, eta, aukera egin ahal dudanez, horrela erabakitzen dut. Irailean errazago topatzen da lekua hoteletan, eta merkeago, gainera.

Zelako esperientzia da? Lan asko ez duzue edukiko...
Abuztua hilabete oso lasaia izaten da. Azkeneko astean nabaritzen dugu gehiago, baina orokorrean jende gutxiago egoten da. Hori bai, langile gutxiago egoten gara.

Ez al duzu inbidiarik edukitzen?
Bai. Baina, beno, haiek etortzen direnean ni joaten naiz!

 

ENERITZ AGIRRE - Atxondoko igerilekuetako behargina

Uda igerilekuan pasatzen dabil Eneritz Agirre (Atxondo, 31 urte), baina lanean.

Zein da zure lana?
Igerilekuko txarteldegian egoten naiz, jendeari sarrera kobratzen. Eguna amaitzean, igerilekuak eta dutxak garbitzen ditut, hurrengo egunerako dena prest egoteko.

Zergatik animatu zara udan lan egitera?
Denboraldi bat lan barik egon naiz. Gainera, igerilekua gustatzen zait, eta, jendea pozik ibiltzen denez, atsegina da. Uda itzela dabil egiten, eta jende asko etortzen da. Jendea jator eta errespetuz portatzen da gugaz.

Inbidiarik?
Ez. Egun erdiz egiten dut lan. Beraz, gainerako denboran disfrutatu ahal dut.

 

AINTZANE URIA - Luhartz taldeko abeslaria

Udan, herririk herri ibiltzen da Aintzane Uria (Durango, 36 urte) Luhartz taldeagaz.

Zenbat erromeria egiten dituzue udan?
50 erromeriatik gora egin ditugu, baina oraindik gure denboraldia azarora arte luzatuko da. Urte barruan ere egiten dugu lan, eta tarteak aprobetxatzen ditugu oporretarako.
Aurten, gainera, Boiseko euskal jaialdian egon zarete.
Guretzat sorpresa handia izan zen, 65 talde aurkeztu ginelako. Esperientzia aberasgarria izan da, pertsonalki eta profesionalki. Diasporakoak gu eta gure kanten zain zeuden, eta hemengo 75 zale ere gugaz etorri ziren. Eskerrak guztiei! Zoragarria izan da!

Uda ugari lanean?
20 urtegaz hasi nintzen. Hasieran etortzen ziren neskak orain seme-alabekin etortzen dira. Euren bizitzako atal batean sartzen zara, eta horrek asko betetzen nau.

 

TXUS RUIZ DE ERENTXUN - Abentura kiroletako gidaria

Abentura irteeretan aitzindaria izan zen Txus Ruiz de Erentxun (Durango, 44 urte).

Ur Nomade zerbitzuan zabiltza. Zelakoa da zure uda?
Udaberrian, Ordesan (Pirinioak) egoten gara, errekako ekintzak egiten. Gero, Pirinioa kayakekin zeharkatzen dugu San Fermin bueltan. Azken eguna Iruñean ematen dugu. Ostean, Alpeetara joaten gara, uretako eta mendiko ekintzak nahasteko. Batzuetan Laidan ere egoten naiz, eta udako denboraldia Huescan amaitzen dut. Udazkenean, Nepalera joaten naiz, eta, Aste Santuan, Marokora. Oporrak neguan hartzen ditut.

Batzuek usteko dute zurea ez dela lana...
Lanaren eta hobbyaren arteko aldea igarri behar duzu, bestela txarto zabiltza. Zerbait pasatzen bada, hor agertu behar da zure esperientzia. Lana polita dela? Bai. Baina lana izateaz gainera, ardura ere bada.

 

AITZIBER AREITIO - Zerbitzari dabil Lekeition

Hego Amerikara joateko, dirua irabazten dabil Aitziber Areitio (Mañaria, 23 urte).

Zer moduz zabiltza zerbitzari?
Abuztuan jende piloa egon da. Eguraldi ona eginez gero, topera ibiltzen gara lanean, herri turistikoa da-eta. Irailean, Hego Amerikara bidaiatuko dut ikasturte osorako, eta denbora gutxian ahalik eta diru gehien lortu gura nuen. Lan asko da, baina dirua ere bai. Hiru aste geratzen zaizkit.

Lekeition egon zara bizitzen, gainera.
Bai, eta etxetik kanpo egotea ondo etorri zait; deskonektatzeko balio izan dit, eta gauza asko ikasi dut.

Jai ugari galduko zenituen...
Batzuetan libratu ahal izan naiz, baina asteburuetan ez. Hala ere, parranda bat gorabehera, ez du ardura. Kanpora noa urtebetez oporretarako, eta orduan disfrutatuko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!