Durangaldeko zinegileen lanak ere izango du lekua Zinemaldian

Anboto 2015ko abu. 25a, 12:26
Pikadero filmeko momentu bat.

Durangaldeko paisaien eta eskualdeko hainbat sortzaileren lanaren isla diren bi film erakutsiko dituzte, irailaren 18an hasiko den Donostiako 63. Zinemaldian. Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu eta Irune Gurtubai elorriarrak ekoitzi duen Pikadero,batetik, eta Lara Izagirre zornotzarrak zuzendu duen Un otoño sin Berlín, bestetik.

Donostiako zinema jaialdiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Pikadero, 50.000 euroko saria emango duen sailean. Bikote euskaldun gazte baten istorioa kontatzen du Sharrocken zuzenduriko Pikadero filmak, eta Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista nagusi.

Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute, baita, Lara Izagirre zornotzarrak zuzendu duen Un otoño sin Berlin filma. Irailaren 21ean eskainiko dute film hori lehenengoz, Donostiako Victoria Eugenian ospatuko duten Euskal Zinemaren Galan. Zinemira sailean lehiatuko da Izagirreren filma.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!