Oskar Astarloa da Durangoko rugby taldeko entrenatzaile berria

Anboto 2015ko abu. 24a, 15:10

Ines Etxegibelek taldea utzi behar izan du lan arrazoiengatik eta bere tokia Oskar Astarloak hartu du. Iaz Ohorezko Mailan dabilen Gernika entrenatu zuen.

Zuzendaritzak proiektu berriari heltzeko pertsona aprosa dela adierazi du eta  bere babes osoa eskaini dio. Oskar Astarloak (1974, Elgoibar) ibilbide luze eta oparoa izan zuen jokalari zela eta entrenatzaile lez lehenengo pausuak ematen ari da. Hala ere, denbora gutxian esperientzia asko pilatu du; izan ere, iaz Ohorezko Mailan —DRTk Ohorezko B Mailan jokatzen du—  diharduen Gernika Rugby Taldea entrenatu zuen. Jokalari lez ere aritu zen. Espainiako ligarik gorenean bederatzigarren tokian amaitu zuten.

Jokalari moduan, aldiz, inork gutxik berdindu dezakeen ibilbidea izan du. Elorrion aritu ostean, Baiona, Donibane Lohitzune, Bera-Bera, Gernika, Getxo eta Ordizia taldeetan jokatu izan du. Beraz, beti punta-puntako taldeetan aritu da. Euskadiko eta Espainiako selekzioetan ere ohiko jokalaria izan da. Espainiako selekzioagaz 1999 eta 2001eko Munduko txapelketak jokatu zituen Galesen eta Argentinan, hurrenez hurren.

Astarloak Ricardo Acostaren laguntza izango du abentura berrian. Acosta betidanik Durangoko taldeari lotuta egon da eta kluba barru-barrutik ezagutzen du. Jokalari lez DRTren sorrerako kadete taldean hasi zen eta ondoren maila denak ezagutu ezagutu zituen. Hainbat igoera bizi izan ditu DRTrekin. Errugbi eskolako eta beheko mailetako entrenatzailea ere izan da.

Oskar Astarloak erronka handia du aurretik. Ines Etxegibel listoia oso goian utzita joan da. Iaz DRTk Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!