'Eskobien atzetik' ibiliko da 'Mimo' zaldibartarra, Durangon

Anboto 2015ko uzt. 16a, 13:03

Musika, antzerkia eta zirkua uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Javier Garcia Mimo (Zaldibar, 1978) aktoreak, Durangoko Uda Kalean Bizi jaialdiaren barruan. Eskobien atzetik izena du ikuskizunak, eta uztailaren 19an, 19:00etan, udaletxeko plazan eskainiko du. Aktorearen berbetan, ikuskizuna oso aproposa da iluntzean, beroa igarota, aire librean ikusteko: “Kalera egokitzen da ondoen ikuskizun hau: barrerako, eta abileziekin eta antzerkiagaz gozatzeko aukera izango da”, adierazi du Garciak.


Javier Garciak antzezten du protagonistaren papera, kale garbitzailearena. Garciagaz batera, ikuskizunerako musika sortu duen Juan Antonio Parra Zuri taldekidea ere agertzen da eszenan, bere gitarragaz ikuskizuna zuzeneko musikagaz osatzera.

Eskobien atzetik umeentzako zein helduentzako pentsaturiko ikuskizuna dela azpimarratu du Garciak; 2006. urtean estreinatu zuten antzezlan baten moldaketa da: “Gure istorioa denentzako modukoa da, umeek ulertzen dute eta helduek sakontasun bategaz egin dezakete euren interpretazioa. Duela hamar urte sorturiko ikuskizunaren esentzia mantenduko dugu, baina hainbat berritasunegaz eskainiko dugu”, azaldu du Garciak. “Berbarik bako ikuskizuna da, oso dinamikoa, atsegina eta gozagarria, eta umorea zein akrobaziak eskaintzen ditu”.

Hamar urte baino gehiago dira, beste konpainia bategaz, Zaldibarren eta Elorrion emanaldi bana eskaini zuenetik, baina ordutik hona Durangaldean ezer erakutsi barik egon da. “Euskal Herriagaz lotura mantendu guran nabil, eta Durangoko San Agustin kulturguneagaz harremanetan jarri nintzen, ikuskizuna eskaintzeko: aukera eman didate, eta pozarren nago”.

19 urtegaz Bartzelonako (Katalunia) zirku eskolara ikastera eta, ondoren, Malagako konpainia bategaz lan egitera joan orduko, Zaldibarren bizi zen Garcia. “Baina nire bizitza erdia Zaldibartik kanpo egin dut, dagoeneko: zirkuan eta antzerkian lanean zebilen jendea ezagutzen nuen hemendik kanpo, eta horren bila joan nintzen”.

Gaur egun, Kordoban (Andaluzia, Espainia) bizi da, eta han sortu zuen, duela hamarkada bat, Cia Barré konpainia. Harrezkero, Eskobien atzetik lanaren aurretik, Juan Palomo, historias a la intemperie ere estreinatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!